RAQUEL DA SILVEIRA ALVES

“Urrian hauteskundeak daude, Bolsonaro boteretik kentzeko esperantza daukat”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko uzt. 4a, 07:00

Kezkaz bizi du Raquel Alvesek Brasilgo egoera politikoa. / Aiaraldea.eus

RAQUEL DA SILVEIRA ALVES (Brasil, 1968) jaioterria atzean utzi eta zerotik berriro hastera etorri zen Laudiora. Izandako harreraz eta Hego Amerikako herrialdearen egoera politikoaz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Nola iritsi zinen Laudiora?

Brasiletik Portugalera joan nintzen bizitzera, 2000. urtean. 13 urte eman nituen bertan nire alabarekin, Lisboan, hain zuzen ere. Duela zortzi urte nire ama gaixorik jarri zen eta Brasilera bueltatzea erabaki nuen. Bi urte igaro nituen bertan, oso Brasil desberdin bat aurkitu nuen, eguneroko bizitza oso gogorra zen. 

Ama hil zenean berriro hartu nuen alde egiteko erabakia. Zalantzak nituen Portugalera bueltatu edo ez, asko gogoko dudan herrialdea da. 

Nire ahizpak 15 urte zeraman Laudion bizitzen eta etortzera animatu ninduen, edozein lekutan zerotik hasi behar banuen zergatik ez probatu Laudion? Aurretik ezagutzen nuen herria.

Brasil aldatuta ikusi zenuela aipatu duzu.

Bai, biolentzia asko dago kaleetan. Ezin zara edonoiz atera etxetik. Ni herri txiki batekoa naiz, denok ezagutzen dugu elkar betidanik, baina,  hala eta guztiz ere ez da segurua.

Bizitza ere oso garestia da Brasilen, eta soldata ez da nahikoa bizitzaren prezioari aurre egiteko. Nik, zorionez, lana lortu nuen Portugalera joan aurretik, lan egiten nuen eraikuntza materialen enpresan, eta soldata txarra ez nuen arren, ezin nintzen ondo bizi. Hori guztia familiaren etxean alokairurik ordaindu gabe. Pentsa pobrezia maila zeinen altua izan behar duen, inflazioa izugarria da Brasilen.

Egoera politikoa ere, ez da gozoa Brasilen. Nola bizi duzu hori Euskal Herritik?

Nik oso txarto daramat egoera. Sare sozialetatik jarraitzen dut brasildarren egoera eta oso mingarria da. Bolsonaroren gobernuak askatasunak murriztu eta herritarren txirotzean sakondu du. PT alderdiak agintzen zuenean, Brasil munduko gosearen mapatik ateratzea lortu zuen, gaur egun 20 milioi lagun baino gehiago bizi dira kale gorrian.

Urrian hauteskundeak daude, Bolsonaro boteretik kentzeko esperantza daukat. Ikusiko da, brasildar asko daude bere alde.  Nik Lularen alde militatzen dut Twitter bidez, egunero idazten dut mezuren bat edo beste.

Laudiora itzulita, nolako harrera izan duzu herrian? 

Oso harrera ona izan dut, jende zoragarri asko ezagutu dut eta asko lagundu naute. Portugaleko nazionalitateak ere erraztu egin dizkit gauzak.

EPAn egon nintzen gaztelania ikasten, hona iristerakoan ez nekielako ezer. Tabernetan hasi nintzen lanean sukaldari eta hobekien ikasi nuena biraoak esatea zen (barreak). Orain hobeto moldatzen naiz gaztelaniaz eta ez ditut hainbetse hitz itsusi esaten.

Zer gustatu zaizu gehien?

Kaleko giroa eta herriko jaiak izugarri gustatzen zaizkit. Jaiak direnean, jaietako arropa jartzen dut, euskaldun beltz bat sentitzen naiz (barreak).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide