ERREPORTAJEA

Laudioar Txirrindulari Elkartea, Espainiako Kopan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 1a, 15:10

Lorpen garrantzitsua erdietsi du Laudioar Txirrindulari Elkarteak. Espainiako Kopan lehiatuko dira gaur eta bihar Aitana Alonso, Mirari Gotxi eta Jon Egia. Euskadiko Txapelketan marka esanguratsuak lortu dituzte kirolari gazteek. 

Aldai plazan batu gara Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideekin. Ginkana formatuko entrenamendua egiten topatu ditugu. 12 haur eta nerabe daude bizikleta gainean, plazako estalkiaren itzalpean zirkuitua osatzen.

“Asteko bi egunetan entrenatzen dute. Ginkanak egiten ditugu batzuetan, hemen. Beste batzuetan, aldiz, Gardeara joaten gara, bertan osatu dugun zirkuitu batean ibiltzera. Arrañoko zelaietara ere igotzen gara batzuetan, mountain bike modalitatean aritzera. Asteburuetan dituzten hitzorduen formatuaren arabera erabakitzen dugu zer egin entrenamenduetan”. 

Hala azaldu du Herme Eguia Larrakoetxeak. Laudioar Txirrindulari Elkarteko presidentea pozik azaldu da orain arte lortutako emaitzekin. Ez da gutxiagorako: Euskadiko Txapelketan garaipen esanguratsuak lortu dituzte, eta hiru lasterkari sailkatu dira Espainiako Kopan aritzeko: Mirari Gotxi, Aitana Alonso eta Jon Egia. 

Aitana Alonsok, Mirari Gotxik eta Jon Egiak lortu dute Espainiako Koprarako txartela. Azken biek, gainera, lorpen historikoak erdietsi dituzte Euskadiko Txapelketan 

“Lorpen historikoa”

Ez da marka makala Laudioko kirolariek Euskadiko Txapelketan lortu dutena. Lorpen historikotzat jo daiteke, Eguiak nabarmendu duenez: “6 txapelatik 5 lortu ditugu. Hiru modalitatetan lehiatu dira kirolariak: errepidekoan, ginkanan eta BTTn. Mirari Gotxik hiruretan lortu du garaipena, eta Jon Egiak lehen bietan. Euskadiko Txapelketan horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia izan da”. 

Garaipena sorpresa izan da korrikalarientzat. Gotxik, adibidez, ez zuen irabaztea espero. “Sekulako poza hartu nuen lortu nuenean”, azaldu du txirrindulariak, eta helburu argia jarri du Espainiako Kopara begira: lehen hiruren artean sailkatzea. 

Podiuma zapaltzea ere bada Egiaren helburua, baita “gozatzea eta ondo pasatzea” ere. “Nire kasuan ez da erraza izan Euskadiko Txapelketa irabaztea”, aitortu du kirolariak, “Arabako txapelketa gehienak irabazi ditut, baina ginkanak ez. Gauzak hala, ez nindoan lehen postuan. Baina, hala ere, gailentzea lortu nuen”. 

Aitana Alonsok, bere aldetik, orain arte eginiko lana jarri du balioan. “Lan asko exijitzen du honaino iristea. Nire helburua Espainiako Kopari begira izango da ondo pasatzea eta disfrutatzea, eta postu on bat lortzen badut, ongietorria izan dadila”.

Gaur eta bihar (uztailak 1 eta 2) jokatuko da Espainiako Kopa. Lehen aipatutako hiru modalitateak egongo dira, baina Aiaraldeko txirrindulariek errepidean eta ginkanan soilik neurtuko dituzte indarrak. 

Bi urteko ibilbidea

Orain arte, lasterketak antolatzera mugatu da Laudioar  Txirrindulari Elkartearen jarduna. “10-15 urte generamatzan talde propiorik izan gabe”, azaldu du Eguiak. Duela bi urte aldatu zen egoera, pandemiaren atarian. “Aiarabike taldeak galdetu zigun eskola mailako taldearen ardura hartu genezakeen, eurak lanez gainezka zeudelako”. Modu horretan osatu zuten gaur egungo taldea, 7 eta 14 urte arteko 12 gaztek osatutakoa. “Klub txikia gara”, aitortu du presidenteak, baina nabarmendu du horrek are garrantzitsuagoa bilakatzen duela lortu berri dutena. “Euskadiko txapelketarako sailkatuak izan diren gure bost txirrindularietatik hiru joango dira Espainiako Txapelketara. Hori sekulako lorpena da Laudioko Txirrindulari elkartearentzat. Orain arte inoiz ez dugu horrelakorik erdietsi”.

Duela bi urte sortu zen Laudioar Txirrindulari Elkartearen eskola mailako taldea, Aiarabiken lekukoa hartuta

Txirrindulari elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete taldeko kideei eta zuzendaritzan dauden pertsonei. Era berean, klubaren babesleei ere egin diete aitortza. “Aipamen berezia egin nahi diegu Spiuk, Aiarabike eta Tecoeli. Eurak dira lasterketarako jantziak eta ekipamendua eman dizkigutelako”. 

Etorkizunera begira 

Uztaileko lehen asteburuko zita igarota, erronka berria izango dute Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideek: txirrindulari gehiago lortzea. Izan ere, une honetan 14 urte dituzten gazteak kategoria berri batera igaroko dira datorren urtean eta, horregatik, beste talde batzuetara jo beharko dute.  “Neskak eskadiko talderen batera joango dira, eta Jon Egia Optica Luyando taldera joango da”, zehaztu du Eguia Larrakoetxeak. 

Gauzak hala, bostpasei txirrindulari baino ez dira geratuko taldean. Horregatik, kanpaina bat abiatuko dute kirolari gazteak bilatzeko. “Jende gehienak irailean ematen du izena, ikasturte berria orduan hasten delako”, azaldu du klubeko presidenteak, baina gaineratu du kirol jarduna “urte osoan” dagoela indarrean. “Txirrindularitza denboraldia martxotik urrira luzatzen da, baina urritik urtarrilera ziklokrosa egitea sustatzen ari dira orain. Gauzak hala, urte osoan zehar txirrindularitza egitea dugu helburu, hainbat modalitatetan”. 

Taldean izena emateko, klubeko kideekin harremanetan jarri baino ez da egin behar, egoitzara bertaratuta (Zumalakarregi Hiribidea, 44) edo sare sozialen bidez kontaktatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide