"Oso albiste pozgarria da. Gurea film esperimentala da, oso berezia, kalean egindako performance itxurako ikuskizun batetan oinarrituta dagoelako". Mikel Ayllon idazle laudioarraren hitzak dira, Brasileko Nazioarteko film jaialdirako hautagaitza jakin eta gutxira. "Ez da erraza izaten zinema jaialdien zirkuitu konbentzionalagoan leku bat topatzea. Horregatik, filma jaialdiren batean aukeratzen dutenean, poztasun handia hartzen dugu taldekide guztiok", erantsi du.
"Filmaren oinarriko ikuskizuna Laudion sortu zen, eta Gasteizen filmatu genuen"
Piszifikatoria Ideien Laborategian sortu zuten ideia, aitortu duenez. "Noiz utziko dio euria egiteari oso proiektu berezia da guretzat. Gai izugarri garaikideak jorratu ditugu, oso modu berritzailean. Fikzioa ulertzeko mundu zabalean dauden joera berriak geurera ekartzeko eta egokitzeko aukera eman digu, eta, gainera, ate berriak zabaldu dizkigu". Egungo lana oinarri hartuta, beste pieza bat prestatuko dute: "Euskal Herriko kale antzerki jaialdi garrantzitsuenek bultzatzen duten Karrikan programaren laguntza jaso dugu ikuskizun honen bigarren parte bat egiteko. Luzeagoa eta bereziagoa izango da, eta 2023an estreinatuko dugu Leioako Umore Azokan".
Izen bereko antzezlanean dago oinarrituta filma, eta Guillermo Ordás zinemagileak zuzendu du. 2021eko Durangoko Azokan aurkeztu zuten ikus-entzunezko proiektua, eta beste bi jaialditarako aukeratua izan da geroztik: Cefalúko festibalean eta One Earth Awards izenekoan.
Euskaraz, munduari so
Euskaraz sortzea "inguruan bizi den jendeari hitz egin nahi diogulako" erabaki dute, aitortu duenez: "Orain, Indian, Italian edo Brasilen aukera izango dute ikus-entzuteko nola begiratzen diogun munduari euskaraz. Filmaren oinarriko ikuskizuna Laudion sortu zen, eta Gasteizen filmatu genuen".
"Euskal Herriko kale antzerki jaialdi garrantzitsuenek bultzatzen duten Karrikan programaren laguntza jaso dugu ikuskizun honen bigarren parte bat egiteko. Leioako Umore Azokan estreinatuko dugu 2023an"
Aitortzaren balio edo garrantziaz galdetuta, sortzaileen konplexuak izan ditu hizpide idazle laudioarrak: "Askotan, euskal sortzaileok gure lana gutxiesteko joera izaten dugu. Txikiak eta bazterrekoak garela esaten dugu, eta, hein batean, hala izango gara beharbada, baina horrek ez du esan nahi kultur ekarpenik ezin diogunik egin munduari. Guk hemen sortzen dugu (filmaren oinarrian dagoen ikuskizuna Laudion sortu zen eta Gasteizen filmatu genuen) eta euskaraz sortzen dugu, geure inguruan bizi den jendeari hitz egin nahi diogulako. Baina gure istorioak unibertsalak dira eta edonorako balio dute. Orain, Indian, Italian edo Brasilen aukera izango dute ikus-entzuteko nola begiratzen diogun munduari euskaraz".