IBINKA PEREZ ROJO

"Nafarroan ikusi dut lehen aldiz nire bizitzan hain sute handia"

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 28a, 15:40

Ibinka Perez Rojo Laudioko Parkean. / Aiaraldea.eus

IBINKA PEREZ ROJO (Gasteiz, 1991) Laudioko Parkeko suhiltzailea da eta beste lau lankiderekin parte hartu zuen Nafarroan egondako larrialdian, zeinean hainbat hektarea eta zonalde erre ziren. 

Nola bukatu zenuen Nafarroan laguntzen suteen kontra, Laudion izanda lanpostua?

Esan zuten jendea behar zutela, suteak oso handiak zirelako, eta boluntario joan ginen gehienak. Ez bakarrik Arabatik, baita Gipuzkoatik eta Bizkaitik ere. Horrela izan zen.

Zer topatu zenuten?

Iritsi bezain pronto agintaritza postu aurreratura, non nagusi guztiak ari ziren dena antolatzen, El Perdónera bidali gintuzten eta han ibili ginen. Aurreko egunean sutea egondako lekuetan ura botatzen, ez berpizteko.

Zonalde batean amaitzean, beste batera mugitzen ginen. Izan ere, dena zegoen kiskalita. Edonora begiratuta ere, dena ikusten zen beltz. 

"Edonora begiratuta ere, dena zegoen kiskalita"

Zenbat denbora egon zinen?

Hemen 07:30ean geratu ginen eta han 20:30ak aldera bukatu genuen eta itzuli ginen.

Horrelako suteak ikusi dituzu zure lan esperientzian?

Ez, inoiz ez dut sute hain handirik ikusi, ezta horrenbeste jende lanean, hainbat zerbitzuetakoak. Lehen aldia izan da, alegia. Eta ez zen nire kasua bakarrik, denbora pilo lanean egon den jendeak ere ez zuen aurretik horrelako suterik ikusi. Esaterako, nafarrek lehenbiziko aldiz ikusi zuten hain sute handia, hainbat lekutan aldi berean, nagusiek barne.

Zer nolako giroa izan zenuten?

Oso ona. Beste zerbitzuekin arazorik ez eta Gurutze Gorriko kideek ogitartekoak eta edaria ekarri zizkiguten. Oso ondo egon ginen, lanera joan ginen, baina giroa aparta izan zen.

Zer nolako esperientzia izan da, oro har?

Lanaren aldetik asko ikasi dut, batez ere, larrialdi hain handi eta zabalean bakarrik egiten diren prozedurak ikusi ditut. Lan gogorra izan da, egun osoa gora eta behera ibili ginelako mendian, baina oso polita, Nafarroako jendea lagundu genuelako. 

"Esperientzia polita bezain gogorra izan da, jende oro zegoen laguntzeko prest"

Hango herrietako jendeak eskertu zigun laguntzea eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako suhiltzaileekin oso giro ona izan genuen. Materiala eskaintzen genion elkarri arazo barik eta jende oro zegoen laguntzeko prest. Guk Langraitzetik eraman genituen materiala eta ibilgailuak.

Oro har, polita bezain gogorra izan da. Hektarea pilo erre dira, etxeren bat ere, baina horren aurrean ikusi dut jende guztia laguntzeko prest eta ez bakarrik suhiltzaileen artean. Izan ere, hango herritarrek traktoreekin sekulako lana egin zuten, ura atera zuten etxeetatik, denak zeuden prest. Oso hunkigarria izan da.

Zerk harritu zintuen gehien Nafarroan?

Hara iritsi gabe, bidean, erre usaina zen nagusi eta gero han edonora begiratuz gero, dena zen beltza. Hemen izan ditugu suteak basoetan, jakina, ikusi ditugu toki erreak, baina han hainbat kilometro zeuden kiskalirik. Dena beltz. Alde horretatik gogorra eta hunkigarria izan da.

"Sutearen tokira iritsi gabe, erre usaina zen nagusi"

Aurrekari txarra da Nafarroakoa. Aiaraldean ere horrelako zerbait gerta liteke?

Eskualdean suteak gerta daitezke. Baten bat egongo da, baina hemengo orografiagatik sute gutxiago dauzkagu eta txikiagoak. Ez dira horrenbeste hektarea kiskaltzen. Espero dut lasaiagoa izatea uda hemen. 

Horrelako larrieldiek zuen lana balioan jartzen dute?

Ez dakit, hain larrialdi handiak ez dira guk ohikoan lantzen ditugunak. Oro har, norbaitek arazoa izanez gero, gu bagoaz eta laguntzen dugu edo konpontzen dugu eta parkera itzultzen gara. Ondorioz, jende gutxik ikusten gaitu. Horrelako hondamendiak telebistan eta hedabidetan jasotzen dira eta gure lana ikusgarriagoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide