Itzuli dira Sanpedropeko jaiak Laudiora. Ekaineko azken asteburuan edo uztailaren lehenbizikoan antolatzen ditu Jaiak Koordinakundeak, eta aurten ere ez dute hutsik egin.
Hala, 9:00etan makina bat lagun talde hurbildu dira Aldai plazara, sukalkia prestatzeko. Festetako jantziak eta giro beroa izan dira nagusi goiz osoan zehar. Izan ere, jai kuadrilek -euren jantzi eta guzti- kaleak hartu dituzten lehenbiziko ekintza izan da, koronabirusak eragindako pandemiaren ondotik.
Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Goizean zehar gastronomioa txapelketak hartuko du protagonismoa, baina 11:00etan buruhandien kalejira egongo da Galtzagorri kultur taldearen eskutik. Kirikiñok tailerrak prestatuko ditu jarraian, eta 13:45ean egingo dute sukalki txapelketako sari banaketa. Ondoren, bazkari herrikoia izango dute, eta 15:30ean Bingoa. Arratsaldean, ostera, dantza plaza (17:00) eta kalejira izango dira osagai nagusi.
Gaua girotzeko, berriz, Errku erromeriak joko du Aldai plazan, eta Azkenakfy musika emanaldiak emango dio bukaera egunari.