PEDRO MARTINEZ TELLEZ

“Esperientzia ona izan da 'El Conquis'-en parte hartzea, baina baita oso gogorra ere”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 4a, 17:16

Gaur gauean amaituko da El Conquistador del fin del mundo telebista saioaren 18. edizioa. PEDRO MARTINEZ TELLEZek (Laudio, 1967) bertan parte hartu du, eta esperientzia nolakoa izan den kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari. 

El Conquistador del fin del mundo saioaren aurtengo edizioan parte hartu duzu. Nola bururatu zitzaizun zure burua aurkeztea?

Duela 8 urte Telecinco kateko ¿Que harias por tus hijos? reality-an hartu nuen parte. Kiderren lan egiten nuen, eta enpresak ateak itxi zituenean langabezian geratu nintzen. Orduan, lagun batek esan zidan bazegoela telebista saio bat banatuta zeuden eta seme-alabak zituzten bikoteen bila zegoena. Proba fisikoak ere zeuden saio horretan, baina ez 'El Conquis'-ekoak bezalakoak. Nire bikotekide ohia eta ni bertara joatera animatu ginen eta irabaztea lortu genuen. 100.000 euroko saria jaso genuen. Programak urtebete baino ez zuen iraun. Hasieran bazituen ikusleak, baina gero beherantz jo omen zuen, ez dakit zergatik. 

Orduan bazenuen esperientzia reality-etan.

Bai. Betidanik gustatu zait 'El Conquis' saioa ikustea. Nire burua gai ikusten nuen finalera heltzeko, gutxienez. Lagun batekin hitz egitea nuen buruan, casting-ak egin gabe sartu ahal izateko, jada apur bat “ospetsua” nintzela probestuta (lehenago beste reality-an parte hartu nuelako). Baina urteak aurrera doaz, eta azkenean erabaki nuen nire burua zaindu eta kirola egiten hastea. 53 urterekin hasi nintzen entrenatzen, eta 54 urte bete berri nituela joan nintzen saiora. Frogatu nahi nuen nagusiak garenak ere indartsu gaudela oraindik, eta gai garela gazteekin lehiatzeko. 

Zer nolako entrenamenduak egin zenituen?

Amurrion egiten dut lan, lanaldi zatituan. 13:30etan atera eta 15:00etan sartzen naiz berriz. Tarte libre hori baliatu nuen entrenatzeko. Ordubetez korrika egiten hasi nintzen, egunero. Hasieran 3-4 kilometro egiten nituen, baina gero maila igotzen joan nintzen, 8 kilometro egiteraino. Flexioak egiteari ere ekin nion. 12 egiten hasi eta 50 burutzen amaitu nuen. Indartsu nengoen. 

Crossfit klub batera ere jo nuen, bestelako ariketak probatzeko, baina matrikula egitea eskatzen zidaten. Nik oraindik ez nekien saiora joango nintzen edo ez.

“54 urterekin indartsu jarraitzen dugula frogatu nahi nuen El Conquisen”

Zer da hautaketa prozesuan gehien balio duena?

Sasoian egon behar duzu, baina garrantzitsuagoa da lotsarik ez izatea eta kamaren aurrean moldatzen jakitea. Indartsu bazaude baina ez baduzu hitz egiten ez zaituzte hautatuko. Aireportura iritsi ginenenean eta lehiakideok elkar topo genuenean bazirudien betidanik ezagutzen genuela elkar, sekulako konfiantza giroa zegoen. Gero egin zituzten taldeak, koloreka, eta adiskidetasun handia garatu genuen, familia batean egongo bazina bezala. Asko maite izan dugu elkar. 

Hautaketari dagokionez, bideo bat egin behar duzu lehenbizi, zure burua aurkeztuz. Ondoren, elkarrizketa egin zidaten. 3.000-4.000 pertsona inguru aurkezten dira, baina denak ez dira elkarrizketa-fasera igarotzen. Ni lasai iritsi nintzen bertara. Txema Montoyarekin egon nintzen bertan, saioaren zuzendariarekin. Esan zidaten elkarrizketak 3-5 minutukoak zirela normalean, baina nik ordu erdi eman nuen berarekin hitz egiten! Horrelakoak dira reality-ak: hitz egin behar duzu, atsegina izan, alaia... Denetarik eskatzen dizute: dantza egitea, abestea... ez bazara ondo moldatzen kanpora zoaz segituan. 

"Sasoian egon behar duzu, baina garrantzitsuagoa da lotsarik ez izatea eta kamaren aurrean moldatzen jakitea"

Handik lau hilabetera esan zidaten hautatua nengoela, baina “ordezko” gisa. Hainbat pertsona hartzen dituzte erreserba moduan, parte hartzaileetako batek arazoren bat izanez gero berehala ordezkatu ahal izateko. Hori gertatu zen: beste elkarrizketa bat egin zidaten eta esan zidaten hautatua nengoela. Pozez zoratzen nengoen, 'El Conquis'-era nindoan!

Banekien esperientzia gogorra izango zela, baina horren gogorra...

Uste baino gogorragoa izan da?

Esperientzia ona izan da, baina oso gogorra. Goizeko lauretan hartu genuen Bilbotik Madrilerako hegaldia. Bertan beste lau orduz egon ginen itxaroten, Dominikar Errepublikara bidaiatzeko. 9 orduko bidaia izan zen, infernu hutsa. Saioa grabatzen den irlan ez dago hotelik ez ezer, zomorroak baino ez daude, eta sekulako ziztadak egiten dituzte. Hori da gehien sufritu dudana, nik uste. 

Bost egun iraun ditut jan gabe, ura andana edanez. Kokoak ere jaten genituen. Esaten ziguten asko ez hartzeko, beherakoa eragin ahal zutelako, baina nik berdin berdin hartzen nituen. 

Oso ezberdina da telebistan ikusten dena bertan bizi zenutenarekin alderatuta?

Nik bizi izan nuena kontatuko dizut. Bertara iritsi ginenean hotel batera joan ginen, eta gero ontzian eraman gintuzten irlara. Halako batean Julian Iantzi agertu zen ontzi batean eta saiora ongi-etorria egin zigun. Uretara bota behar izan ginen irlara iristeko. Ekipaia eramaten uzten ziguten, baina nola eramango genuen maleta igerian? Dena utzi genuen atzean. Irlara iristen azkena arazoekin hasten zen, duelu batera joan behar zelako. Iritsi bezain laster hasi ginen probak egiten. 

“Irlako xomorroen ziztadak izan dira gogorrena niretzat”

Telebistan ikusten den iritsiera ikusten den bezala gertatu zen orduan. 

Hori da. Normalean iritsi bezain laster osatzen dituzte taldeak. Baina aurten jende gehiago hartu dute, eta kaleratzeekin hasi arte ez dituzte taldeak osatu. Horregatik, lehen probak denok elkarrekin egin genituen. Hirugarren gauean neska zein mutilak batu gintuzten, eta denak batera aritu ginen lehian. Irabazten zuenari motxila bat ematen zioten janariarekin: latak baino ez, ez pentsa sekulako mokadurik zegoenik! Mutilen artean Iban izeneko bat gailendu zen, eta Julianek bi sari eman zizkion aukeran: janaria edo sua egiteko oinarri bat. Berak bigarrena aukeratu zuen. Horregatik, lehen egunetan eroso egon ginen suarekin. 

Horrela igaro genituen lehen bost egunak. Orduan osatu ziren taldeak, eta ni gorrira eraman ninduten, indartsu guztiekin. Ni ere indartsu sumatuko ninduten, ez dakit (barreak). 

Esaten duzunaren arabera, ez dago ezberdintasun askorik zuek bizi zenutenaren eta ikusleek ikusten dutenaren artean. 

Hori da. Ez genuen ezer jaten. Ura edan bai, horretarako ez genuen baimenik eskatu behar. Esan bezala, nik bost egun igaro nituen jan gabe. Ez nuen uste nire gorputzak jasango zuenik, baina lortu zuen. 

Baina gogorrena da gaueko bederatzietatik goizeko seietara zomorroak sartzen zirela. 'Jejenak' ziren, arkakusoen moduko animaliak. Oinutsik geunden, arroparik gabe... minutu batean 100 ziztada jaso zenitzakeen, eta ez zenituen ikusten, gainera. Alergia zutenei hankak handitzen zitzaizkien. Niri oinak puztu zitzaizkidan. 

Saiatu nintzen xomorroak gainetik kentzen, ura eta lokatza baliatuta. Gauean hondartzatik ibiltzen bazinen ez zenuen ziztadarik jasotzen, baina ez genuen horretarako indarrik. Gainera, proba batean azkena amaitu nuen, soka bat hartu behar zelako eta ez nintzelako konturatu. Gauzak hala, duelura joan behar izan nintzen, eta gainditzea lortu nuen. Jan eta lo egin gabe nengoen, gero beste duelu bat izan nuen... oso gogorra izan zen janaria lortu arteko bidea. Sekulako gosea nuen, eta latak irekitzen eta jaten hasi nintzen. Andrea kapitainak esan zidan lasaiago jateko, lortu genuen janaria hilabete guztirako zelako. Ezin genituen egun bakarrean 5 lata jan, ez genekielako zer egoera izango genuen etorkizunean. 

“Bost egun igaro nituen jan gabe. Ura, aldiz, nahibeste edan genezakeen”
Kanpamendu oso txiroan ez naiz egon, baina telebistan ikusi ahal izan duzue infernu bat zela. Kanpamendu txiroa ez zegoen horren gaizki, aipatutako intsektuak salbu. 

Etxolak egiten genituen adarrekin, baina gauero egiten zuen euria, ordubete inguru edo. Orduan, nikia kendu eta elkarri itsatsita jarri behar izaten ginen, elkarri beroa emateko. Ez nekien giza-gorputzak horrenbesteko epeltasuna ematen zuenik!

Dena den, euria egiteak bazuen abantaila bat: zomorroek ez zizutela ziztatzen. Batzuek nahiago zuten intsektuak egotea, baina nik euria nahiago nuen, azkurea jasangaitza zelako. 

Bertan igarotako egun bakoitza astebete dirudi. Bost egun hilabete bat dirudite. 

Nolakoa zen grabaketa prozesua?

Egunaren %70an izan genituen kamarak inguruan, eta beste %30an ez. Gure artean hitz egiten genuen eta kamarak, bitartean, gure inguruan aritzen ziren, egunerokoa grabatzen. Batzuetan, giroa lasai zegoela ikusten bazuten, galderaren bat egiten ziguten, gu horri buruz hitz egiten hasteko. 

Grabatzen dena eta telebistan agertzen dena nahiko antzekoa da, baina badaude aldaketak, interesatzen zaiena ateratzen dute. 

Adibidez?

Andrea eta Urkok lata bat jokatu zuten, ni duelutik itzuliko nintzela edo ez apostatzeko. Horri sekulako garrantzia eman zitzaion programan, baina egiatan ez zen horrenbesterako izan. Egunero ateratzen zuten gaia, ni sumintzeko eta taldekideen artean talka egoteko. Baina talde gorrian primeran moldatzen ginen denok elkarrekin, ez zegoen eztabaidarik. 

“Berriro itzuliko nintzake? Bai, baina prestatuago"

Esperientzia ona izan da orduan?

Bai, oso ona. Bertan egote hutsa, abentura, ezagutu dudan jendea, nire burua (54 urte izanda) ondo ikustea...

Aurten oso proba gogorrak jarri dituzte, jende asko bota nahi zutelako. Pista amerikarraren proba, adibidez, finalean sartzeko modukoa da, eta guztiok egin genuen. 10 metroko altuera zuen soka bat zegoen, eta 11 pertsonek lortu zuten igotzea, crossfita egiten dutenek, alegia. 

Nire irteera oso gogorra izan zen, niretzat zein nire lehiakideentzat, oso irekia naizelako eta jende ororekin moldatu naizelako ondo. Berriro itzuliko nintzake? Bai, baina prestatuago.

Kanporatu nindutenean hotel batera eraman ninduten, igerilekua eta guzti zuena. Jatea izan zen egin nuen lehenbiziko gauza. Gau bat igaro nuen bertan. Biharamunean aireportura eraman ninduten, Bilbora itzultzeko. Sandrarekin egin nuen itzulera bidaia. 

Gaur emitituko da finala. Nola bizi izan duzu saioa ikusle moduan azken hilabete hauetan?

Triste jartzen naiz saioa ikustean, bertan egotea gustatuko litzaidakeelako, nire taldekideekin, faltan botatzen ditut. Nik ez zuen buruan lehiaketa irabaztea, baina bai gehiagora iristea. 

Zaila suertatu zaizu orain arte saioaren inguruko informaziorik ez zabaltzea?

Batzuetan nagia eman dit etxetik ateratzeak, jendeak saioaren inguruan galdetzen zidalako. Nik badut informazio asko, amaierara arte geratu ez arren, whatsapp taldeetan nagoelako. Hiru whatsapp taldetan nago guztira, eta saioa emititzen den gauetan 500 mezu edo gehiago pilatzen zaizkit. Ixilik mantendu behar izan naiz. 

Badugu harremana taldekideen artean, afaltzeko edota mendira joateko kedadak egin ditugu. 

Zer aholku emango zenioke 'El Conquis'-en parte hartu nahi duenari?

Burua da garrantzitsuena, %80a. Etxetik kanpo zaude, hotza egiten du, ez dugu lo egiten... burua sendo izan behar duzu. Gauza latzak igaro ditugu taldekide guztiok elkarrekin, eta bertan lortutako adiskidetasuna ez dit inork kenduko. 

Horrez gain, lotsa gutxi izatea da garrantzitsua. Eta zu zeu izan behar zara, ez du balio ez zaren zerbait irudikatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide