Mantentze-lanetako ofizial baten bila ari da Laudioko Udala, eta gaur amaituko da lan deialdira aurkezteko epea. Tokiko erakundeak lanaldi osoko kontratu mugagabea egingo dio hautatzen duten beharginari. Hiri eraikin eta hornikuntzen instalazioa eta mantentzea burutzea izango da langilearen egiteko nagusia.
Deialdira aurkezteko beharrezkoa izango da goi-mailako prestakuntza-zikloko titulua izatea ondorengo alorretako batean: industria mekatronika; mantentze elektrikoa, elektronikoa eta/edo mekanikoa; sistema elektroteknikoen, automatizatuen eta robotika industrialaren mantentze-lanak, telekomuniaziioen eta sistema informatikoen mantentze-lanak; edota baliokideak.
Horrez gain, B motako gidabaimena eta euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna ere eskatzen dituzte. Gainera, beharrezkoa izango da Laudion erroldatua egotea, "edo 20 kilometroko erradioan gehienez".
Lanbideren bidez eman daiteke izena deialdian, hemen.