Bi urteko etenaren ostean, Aretako Jaiei heltzeko prest dira berriro ere Aretako Jai Batzordeko kideak. Aiaraldea Komunikabideari aitortu diotenez, ez da erraza izan koronabirusaren pandemiak eragindako hutsunearen ostean berriro ere abian jartzea, baina, oztopoak oztopo, sei egunez luzatuko den jai egitarau oparo sortu dute, adin eta gustu guztientzako gozagarri.
Jai eredu herrikoi eta parte hartzaileak oinarri, Aretako eragile eta norbanakoen ekarpena ezinbestekoa da egitaraua aurrera ateratzeko: “Hori zen gure beldurrik handiena, bi urteren ostean uste genuen orain arte jaietan murgilduta egon diren auzokide askok ekarpena egiteari utziko ziotela – azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari –, baina lortu dugu egitarauaren gehiengoa mantentzea”. Ez da erronka makala izan kontuan harturik, modu batean edo bestean, 200 lagunek baino gehiagok jartzen dutela euren alea jaien antolakuntzan, 1.600 biztanle dituen Aretan. Hain zuzen ere, bi urte hauetan gazte belaunaldi berriak Jai Batzordera bertaratu izana nabarmendu dute: “Gutxika ari dira beren espazioa egiten eta geroz eta ekintza gehiagotan inplikatzen. Esaterako, herriko gazteek hartu dute jaietako egun gehienetan Aretako buruhandiak kalejiran ateratzearen ardura”.
“Azken jaietako erantzuna oso oso ona izan zen, espero dugu jendeak aurten itzultzeko gogoak izatea”
Asto Lasterketa da aurten antolatuko ez den ekintzetako bat. Horretan buru-belarri aritzen zen elkarteak ahaleginak egin arren, hainbat zailtasun aurkitu dituzte bidean, eta datorren urtera atzeratu dute Aretako Jaietako osagai nagusietako bat den lasterketa famatuaren itzulera. Horren ordez, herri kirol txapelketa egingo dute igande goizean. Lehia ez da faltako hitzordu horretan; izan ere, eskualde desberdinetako taldeak arituko dira norgehiagokan.
Bola txapelketa, ordea, bai egongo da, Aretako parkeko bolatokia duela hilabete batzuk estali zuten arren. Arabako Bola Federazioak bolatoki eramangarri bat instalatuko du bolatokia zegoen leku berdinean, txapelketa eta aldarrikapena uztartuz.
Bestelako zailtasunak ere aurkitu dituzte bidean, jaien egitaraua itxi aurretik: “Udaletik ere laguntza gutxi jaso dugu. Bi urte hauetan asko korapilatu dira eskaerak eta abarrak egiteko prozedurak, eta materiala ere faltan izango dugu; hala nola mahaiak, aulkiak edota trail lasterketarako karpak”.
Jai gogoa
Jai arrakastatsu batzuen aurrekari izan daiteke duela hilabete egindako enkanteak aretarren artean izandako harrera ona. Jaiak antolatzeko dirua biltzea du xede ekimenak, eta horretarako auzokideek ekarritako era guztietako produktuak enkantean jartzen dituzte. “Beste urte batzuetan baino parte hartze handiagoa izan genuen. Oso beharrezkoa dugu bultzada ekonomiko hori. Izan ere, bi urtez jaiak antolatu ez ditugun arren, Jai Batzordeak diru gastuak izaten jarraitu du, eta horri aurre egin behar genion”.
Jai Batzordeak ateratako kamisetak ere beste urte batzuetan baino hobeto saldu dira: “Igartzen da jai gogoa badagoela, eta espero dugu aurreko urteetako mailan egotea. Gure helburua da Aretako jendeak disfrutatzea, eta herritarrak kalean egotea eta elkar ikustea, jai herrikoi horiek dira Aretaren esentzia”.
Bi urteko etenaren ostean zaila da aurreikustea jaiek Aretaz gaindi izango duten oihartzuna, baina jai batzordeko kideak baikorrak dira: “Azken jaietako erantzuna oso oso ona izan zen, espero dugu jendeak aurten errepikatzeko gogoak izatea. Jendetza etorri zen, naiz eta gure jaiek Arrigorriagako jaiekin kointziditu".
Egitarau zabala
Azaldu dutenez, “egitarau orekatua” egiten ahalegindu dira. Goiz, arratsalde eta gau partean ekintza eskaintza zabala aurkeztu dute. Musika kartelaren aniztasuna ere nabarmendu dute batzordeko kideek: “Rock, ska, rumba… gustu guztiak asetzeko beste. Gainera, egun guztietan erromeria batek girotuko du txosnagunea. Talde gehienak, gainera, 2020ko kartelerako lotutako genituenak dira. Orduan jo gabe geratu ziren horiei aukera eskaintzea izan da apustua eta bandek oso ondo erantzun dute".
Igor Arzuagaren kultur etxeko emanaldia izango da aurtengo jai egitarauan errepikatuko duten ekintza musikaletako bat: “Azken urteetan oso harrera ona izan du emanaldi horrek, eta Igorrrek berak ere oso gogoko du Kultur Etxeko patioan jotzea. Oso formatu atsegina da. Oraindik ez dakigu nor izango den Igorrekin batera etorriko den musikari gonbidatua, baina kontzertu polita izango da ziur”.