NAGORE CUARTANGO

"Metro Bilbaoko langileak nekatuta eta erreta gaude, hamarkada daramagu erosketa ahalmena galtzen"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 14a, 07:15

Metro gidaria da Nagore Cuartango.

NAGORE CUARTANGO laudioarra ELA sindikatuko ordezkaria da Metro Bilbao garraio enpresako langile batzordean. Egiten ari diren lanuzteei buruz mintzatu da, beharginen arrazoiak azalduta.

Lanuzteak egiten ari zarete Bilboko Metroko langileak, zergatik?

Hamarkada bat baino gehiago daramagu erosteko ahalmena galtzen, eta hori are larriagoa da zuzendaritzak soldatak %2 igotzeko egindako proposamenarekin. Jendea nekatuta eta erreta dago.

Lan-baldintzak hobetzea eskatzen dugu, batez ere, ordutegiekin eta txandekin lotutakoak. Azken orduko aldaketa etengabeen menpe gaude. Horrek kontziliazioa eragozten du eta orduak pilatzea dakar. Deskonexio digitala ere erregulatu behar da.

Hobekuntzak eskatzen ditugu prestakuntzaren arloan eta behin-behineko langileen eta beteranoenen baldintzetan.
Gidari lanak egiten ditugunon koefiziente murriztailea desagertu zaigu, eta horren alternatibaren bat bilatzea eskatzen dugu. 

Geltokietako pertsonekiko arretan ere babes handiagoa eskatzen dugu. Zuzendaritzak arreta jasotzen duten estazioen denbora murriztu nahi du, baita geltoki batzuk egun osoa artatu gabe egotea ere.

Nola baloratzen dituzue orain arte egindako lanuzteak?

Oso positiboki. Jendea erantzuten ari da, kontuan hartuta gutxieneko zerbitzuak % 30ean dauzkagula markatuta.

Metro gidariek ere parte hartzen ari zarete, baina deialdi propioarekin, ezta?

Lanuzteen deialdia ELAk, CIMek eta UGTk egiten dugu langile guztientzat, eta SEMAF sindikatuak makinistentzat bakarrik.

Gidarien artean zeintzuk dira arrazoi nagusiak lanuzteetara jotzeko?

Esan dudan bezala, gure eskaerak langile guztientzat dira, ez bakarrik makinistentzat.

Enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu duzue. Uste duzue posiblea izango dela akordioa lortzea?

Hilabete batzuk daramatzagu hitzarmen kolektiboa negoziatzen, eta zuzendaritzak bertan behera utzi ditu bilera batzuk. Hori dela eta, negoziazioak luzatzen ari dira. Ekainaren 20an, enpresak bere proposamena eman zigun eta, jakina, gure eskaeretatik urrun dago.
Ez dakit akordioa gertu egongo den, bileretan gertatzen dena ikusi beharko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide