JUGATX JIASHANG LARRAKOETXEA GOROSTIDI

“Xakea kirola da eta burmuinean dauka eragina”

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 19a, 07:00

Xakea da Jugatx Jiashang Larrakoetxea Gorostidiren pasioetako bat. / Aiaraldea.eus

JUGATX JIASHANG LARRAKOETXEA GOROSTIDI (Laudio, 2007) Espainiako Xake Txapelketan aritu da Islan ekainaren amaieran. Emaitza oso onak eskuratu ditu Euskadiko Selekzioarekin eta esperientzia paregabea izan dela azaldu du.

Ekainaren amaieran Espainiako Xake Txapelketan egon zara Euskadi ordezkatzen, nolakoa izan da esperientzia?

Islan izan da eta oso ondo pasa dut. 5. postuan geratu gara eta emaitza oso ona izan da Euskadiko Selekzioarentzat, oro har 10. sailkatzen baita. Iaz azkenaurrekoak.

Iaz bezala, oso esperientzia ona izan da. Sei neska eta sei mutil joan gara, hiru kategoria bakoitzean, eta denok egon gara hotel berean. Partidak delegatu batekin prestatu ditugu, gero jokatu dugu eta arratsalde batzuk libre izan ditugu. Egia esanda, udaleku baten antzekoa da, baina xakean. Lagunen artean egon gara, hondartzara joateko tartea izan dugu eta ondo pasa dugu, baina jokatu dugu eta hori da garrantzitsuena.

Esperientzia oso polita izan da, sailkapena aintzat hartuta, are gehiago. Horrez gain, jende ugari ezagutu dugu, leku askotakoak, adibidez, Andaluziakoak. Hotela beteta zegoen eta otorduetan denok egon gara batera. Lan handia egin eta gero oparia izan da.

“Xake txapelketen giroa oso lehiakorra da, aurrez aurre daude jokalariak eta pertsonalki hartzen da partida”

Duela gutxi Laudion egindako Euskadiko Emakume Xake Txapelketan ere aritu zinen, ezta?

Oso ondo jokatu nuen, egia esanda. Ez geunden jokalari asko, ez dagoelako horrenbeste emakume jokalaririk serioski hartzen dutena, baina maila handia da. Ez nituen partida guztiak irabazi, baina nire maila oso handia izan zen. Soilik galdu nuen lehen sailkatuaren kontra eta hirugarrenaren aurka berdindu nuen. Beste hiru norgehiagokak irabazi nituen. Luzeak izan ziren eta oso ondo pasatu nuen, zaila izan baitzen.

Ez neukan itxaropen askorik eta espero nuen txarto jokatzea, aurkariak bikainak zirelako, baina batzuetan kontzentratzen bazara eta esperientzia izanik, ondo egiten duzu.

Noiz hasi zinen jokatzen?

Sei urterekin. Uda Esteponan igarotzen dut eta hango itsasoko pasealekuan ikusten nuen jendea jokatzen. Hor hasi nintzen, goizez ikasten nuen nola jokatzen zen eta arratsaldetan jokatzera joaten nintzen.
Horren ostean, hemen hasi nintzen klub bat bilatzen eta Sestaon topatu genuen bat. Orain Gasteizen nago, Martintxon. Egia da Laudion kluba dagoela, baina ez dute horrenbeste jokatzen.

Zerk piztu zizun interesa?

Oso txikia nintzen, baina gogoko ditut arazoak konpontzea, buruari eragitea. Xakea oso jolas konplexua da eta asko kalkulatu beharra dago. Harreman handia dauka matematikekin. Aitortu behar dut txikitatik praktikatzen dudala eta ez diodala nire buruari gehiegi galdetu horri buruz.

Zer nolako ibilbidea egin duzu urte luze hauetan?

Hasieran eskolartekoetan lehiatu nintzen, futbolean bezala. Adinka jokatu ditut Arabakoak eta Bizkaikoak eta gero Euskadikoak. Adibidez, 14 urte azpikoetan irabazi nuen Bizkaian eta Euskadikoan ondo egin nuen. Aurten Euskadiko 5. izan naiz sailkapen orokorrean emakumezkoen gazte kategorian eta Arabako Txapelduna ere emakumeen artean, oker ez banabil.

Ez dirudi oso argi duzunik!

Nesken artean grazia apur bat egiten digu emakumezkoen kategoria egoteak. Izan ere, batzuetan saria jasotzen duzu nahiz eta torneoetan gizonezkoek hobeto egin. Kasu horietan jasotzen dugu saria apur bat konpromisoagatik.
Ez dut esan nahi ez dugula ulertzen hori egiten dela neska gehiago xakean sartzeko eta ikusgarritasuna emateko edo lana saritzeko. Baina, aldi berean, gizonezkoen maila bera dugu eta apur bat amorru ematen dit sailkapen orokorrean 6. izatea eta Euskadiko neska onenaren saria jasotzea. Nire gainetik bost mutil hobe daude.

“Xakea oso jolas konplexua da eta asko kalkulatu beharra dago”

Nazioarteko txapelketetan gertatzen da Euskadik ordezkari femeninoak bidali behar dituela eta ez dakit guztiz zuzena den puntuaketa hobea duten mutilek ez parte hartzea. Guretzat ondo dago, esperientzia berriak ditugu, baina, aldi berean, zalantzak edo kontraesanak sortzen dizkit, mutil horiek nire lagunak direlako. Ahalegina egiten dute, hobeak dira, baina saririk gabe geratzen dira.

Klub batean egoteak zer suposatzen du?

Jendeak uste du xakean entrenatzea arraroa dela, baina lehenengo betebeharra da jokatzea, asko, esperientzia izateko eta ikasteko. Horrez gain, klaseak daude irakaslearekin taktika, estrategia edo irekierak lantzeko eta xake partiden fase ezberdinak ezagutzeko.

Arruntena da astero klase batzuk izatea, atletismoan bezala. Nik, adibidez, astelehenetan klaseak nituen ordu eta erdikoak. Horrez gain, teknifikazioak izan ditut, xake federazioak proposatuta.

Nire kasuan, irakasleak ez dizkit etxerako lanak bidali, baina jokaldiak argitzeko ariketak ditugu guztiok.
Nork bere kabuz ere ikasteko aukera dauka, liburuen bitartez. Antza oso eraginkorra da.

Txapelketetako giroa nolakoa da?

Oso lehiakorra. Izugarri. Kirol honetan aurrez aurre daude jokalariak. Oso pertsonalki hartzen da. Horrez gain, zure gainean daukazu kluba eta kluben artean lehiakortasuna ere handia da. Hala ere, lagun asko ere egiten ditugu. Nik jende aparta ezagutu dut eta familia sentsazioa dugu gure artean. Zaletasun bera daukagu eta antzekoak gara. Dena ez da polita, jakina, adibidez, niri gertatu zait ni baino nagusiagoak diren lagunak egitea eta gero eurek gurekin -gazteenekin- harremana galtzea.

“Hasi zirenean ‘The Queen´s Gambit’ telebista saioa emititzen aldaketa egon zen eta jende gehiago dabil jokatzen orain”

Nola hartzen du jendeak xake jokalaria izatea?

Txikia nintzenean esaten zidaten xakea ez zela kirola, eta bada. Eragina dauka burmuinean, mentala, baina bada. Gainera, orain ez hainbeste, baina xakeak arraroa izatearekin harremana zuen. Ez dit arazo asko ekarri, baina ez du miresmen berezirik sortu jendearen artean. ‘The Queen´s Gambit’ telebista saioa emititzen hasi zenean, ordea, aldaketa egon zen.Urtebet beranduago ikusi nuen telesaioa, baina jendeak orain gehiago onartzen du kirola, parte-hartzaile gehiago aritzen dira xakean eta esaten duzunean xake jokalaria zarela, galdetzen dizute ea telebista saioa ikusi duzun. Lagun batzuek aipatu didate telesaia estreinatu baino lehen, jende pilok ez zuela xakea kiroltzat jotzen.

Zer da bereziki gogoko duzuna xakean?

Erdiko jokoa. Xakean hiru zati ditu partida bakoitzak: irekiera, erdiko jokoa eta amaiera. Erdiko jokoan kalkuluak egiteko une dibertigarriena da. Pieza guztiak daude jokoan zuk taktikoki planak egiteko. Kalkulatzea gogoko dut eta une horretan tarte handia duzu.

Aipatutako telesaioan badago une bat zeinean islatzen den protagonistak aldagai guztiak aurreikusten dituela, piezak taulatik aterata buruz. Hori da egin behar duguna. Buruz mugimenduak aurreikusi.

Xakeko txapelketak edo sailkapenak jarraitzen dituzu?

Nik gogoko dudana da xakea bera. Munduko Txapelketa denean galdetzen diot aitari -berak jarraitzen du- ea nola doan Magnus Carlsen, munduko onena, baina ez diot gehiegi erreparatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide