ENEKO BANDERAS

“295 kilometro orduko abiadura hartzen dugu Montmelo edo Alcañizeko zirkuituetan”

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 20a, 07:00

Eneko Banderas motor gidaria da eta hainbat lasterketetan hartu du parte, / Aiaraldea.eus

ENEKO BANDERAS (Laudio, 1986) Motor gidaria da eta bere bigarren denboraldia hasi berri du, emaitza positiboekin gainera. Abiaduran oinarrituta dagoen kirol horren nondik norakoak azaldu ditu.

Zein kategorian lehiatzen zara?

Parte hartzen ari naiz CIV-en (Autonomia Arteko Abiadura Txapelketa) eta ZX Cup-en, horren barruan. ZX Cupen guztiok aritu behar gara motor marka berarekin.

Nola bukatu duzu diziplina honetan?

Txikia nintzenetik gogoko izan ditut motorrak. Berez, motor txikia izan nuen, eta lanean hasi nintzenean kaletik ibiltzeko motorra erosi nuen. Laudioko lagunekin hasi ginen zirkuituen mundua ezagutzen. 

Apurka-apurka sartu naiz mundu honetan, eta finantzatzeko aukera izan dudanean, buru-belarri sartu naiz. Egia da urte luzez futbol jokalaria izan naizela Laudion edota Amurrion, eta ezin nituen bi kirolak aldi berean egin.  Behin futbola utzita, hau da nire bigarren urtea motoziklismoan. 

Futbol talde batean egotetik motorra gidatzera igarotzea aldaketa handia da, ezta?

Bai, independente moduan lehiatzen naiz. Taldeak daude, bi edo hiru gidari dituztenak, baina ni bakarrik nago. Eskatzen da klub batean egotea eta ni Ayala Clubean nago, Amurriokoa. Horren bidez atera dut lizentzia eta nik egin behar dut dena.

Mekanikariak eta guztia kudeatu behar dut . Bakarrik nago, baina zorionez Laudioko lagunen babesa daukat. Libre dutenak etortzen dira nirekin mekanikari lanak egitera.  Lehiatzeko beharrezkoa da inskripzioa egitea eta marka batzuk lortzea. Gutxieneko denbora horiek eskuratzen badituzu, irteeran egoteko eskubidea duzu.

Nolakoa da lasterketa bat?

Ostiralean egiten dira entrenamendu libreak, motorra doitzeko. Hurrengo egunean heltzen da entrenamendu kronometratuen txanda, eta horren arabera kokatzen zara irteeran. Denbora onena egin duenak hartzen du lehen tokia. 
Arratsaldean egiten da lasterketa motza, eta igandean da benetako lasterketa, 14 edo 15 birakoa, zirkuituaren arabera. Hori da gehien puntuatzen duena.

Telebistan ikusten denaren nahiko antzekoa da. 

Ekainean izan duzu lehen lasterketa, nola joan zen?

Oso ondo. Urteko lehen lasterketa izan zen, Jerezen (Espainia). Hasieran zalantzak dituzu, ez baitakizu nahikoa entrenatu duzun edo besteak nola dauden. 

Ezustean, emaitza oso onak izan dira. Dena den, ni zuzenean joan nintzen lehiatzera, ez nintzen egon entrenamendu libreetan. Jerez oso urrun dago eta gastuak oso handiak ziren.

Mekanikari telemetriko baten laguntza izan nuen eta bikaina izan zen. Larunbatean nire markarik onena eta irteeran laugarren egotea lortu nuen ZX Cupen. 

Azkenean, podiumera igo nintzen, hirugarren postua lortuta eta oso azkar gidatu nuen. Sorpresa izan zen. 
Igandean kategoria osoko irteeran 12. postuan hasi nintzen. Hor motor gidari guztiok batzen gara, berrogei. Irteera txarra egin nuen, baina aurrera egin nuen eta hamargarren postuan kokatu nintzen. Gidari independente batentzat oso sailkapen ona da.

Dena den, lau biraren faltan erori nintzen eta, nahiz eta motorra altxatu nuen,  batzuek aurreratu ninduten. Hala ere, berriro aurrera joan nintzen eta azkenean niren kategorian 4. sailkatu nintzen eta orokorrean 16. postuan.
Oso ondo, aintzat hartuta bakarrik joaten naizela. Errespetatzen naute izugarri. Izan ere, bakarrik joaten naiz nire furgonetan, han lo egiten dut zirkuituan, ohea prestatu baitut ibilgailuaren barruan. 

Hasiera ona da eta ZX Cup irabazteko borrokatuko gara. 

Zure marka onena lortu duzu denboraldi hasieran, zergatik?

Lagundu nauten pertsonak etorri direlako nirekin. Mekanikari telemetrikoa, hasteko. Telemetriaren laguntzarekin eman dit informazio pilo eta Rickyk ere lagundu nau. Horri esker, gidatzeaz bakarrik arduratu naiz, eta emaitzetan nabaritu da. Zailena da garestiagoa dela eta aurrekontua joan zaidala. 

Esperientzia oso ona izan da. Trikimailu bakarra da entrenatzea. Futbolarekin alderatuta, honek bikoitza exijitzen dit. Ez dakit estresagatik den edo tentsioagatik, baina hala da. Motorra ere aldatu dugu, bigarren eskukoa da, eta oso garrantzitsua da asko dakien jendearen laguntza izatea. Mekanikariarena, adibidez.

Eta marka hori uztailean hobetu duzu, gainera.

Bai, Nafarroako zirkuitura joan nintzen eta 1:44 izan zen nire marka onena itzuli batean. Nire kategoriako onena, alegia. Denboraldi hasieran pentsaezina zen marka hori. Abiadura bizian gidatzen ari naiz.

"Nafarroako zirkuituan 1:44 izan zen nire marka onena itzuli batean, nire kategoriako onena. Denboraldi hasieran pentsaezina zen marka hori. Abiadura bizian gidatzen ari naiz"

Nafarroan oso ondo aritu nintzen, baina ZXCup-eko lasterketa hori irabazteko oso gutxi falta zitzaidanean, azken itzulian motorrak matxura izan zuen eta ezin izan nuen ibilbidea bukatu. Alde batetik, pena izan da lidergoa eskura nuelako eta jende ugari bertaratu zelako Laudiotik ni ikustera. Bestetik, zorte handia izan nuen istripurik ez nuelako izan. Ondorioz, dena aintzat hartuta, pozik itzuli naiz Nafarroatik.

Telemetria erabakigarria izan da?

Bai, inoiz ez nuen erabili eta animatu ninduten. Telemetria sistema jarri genion motorrari eta lasterketa bukatu bezain pronto, USB memoria sartzen badiozu motorrari, grafiketan informazio andana agertzen da: iraultzeei edo inklinazioei buruz. 

Mekanikariak baliatzen ditu jakiteko zein akats dituzten gidariek eta motorrek, eta zuzentzen saiatzen da. Doitzen du makina eta esaten dizu zer egin. Abiadura hauetan segundo erdia denbora asko da.

Zein abiaduran gidatzen duzue?

Jerezen, ez dela zirkuitu azkarra, 260 kilometro orduko abiadurak hartu genituen. Montmelon edo Alcañizen 295 kilometro orduko abiaduretara heltzeko aukera dugu. Erori nintzenean oso bihurgune motelean izan zen, eta 67 kilometro orduko abiaduran erori nintzen. Ez nuen zauririk egin eta zorte handia izan nuen.

Iazko denboraldia zer nolako esperientzia izan zen?

Ondo, baina lehen urtea izanik, errazagoa izan zen. Hasiberrien kategorian lehiatu nintzen. Podiumak lortu nituen kategoria guztietan eta izugarri gozatu nuen, nire ametsa baitzen txapelketa batean egotea. 

"Nire ametsa zen txapelketa batean egotea, iaz hasiberrien kategorian lehiatu nintzen eta podiumak lortu nituen kategoria guztietan. Aurten emaitzak nahi ditugu, eta zailagoa izango da"

Aurten emaitzak nahi ditugu eta zailagoa izango da. Apustu ekonomikoa oso altua da. Imajina ezazu, autoa saldu dut. 
Denbora asko eskatzen du, gainera. Ateburu osoa ematen dtu lehiatzen eta familia daukat. 

Zenbat lasterketa dira guztira?

Sei eta zirkuitu onenetan: Montmelo, Alcañiz, Nafarroa, Jerez, Valentzia… Munduko Txapelketa lehiatzen da gehienetan.

Zein sailkapen izango litzateke zuretzat ona denboraldi honetan?

CIV-en lehen hamarren artean geratzea izugarria litzateke. ZX Cupen borrokatuko gara irabazteko, baina lehenengo hiruren artean egon nahi dugu. Ez bada posible, ez da ezer gertatzen. Izan ere, sari ekonomikoak oso txikiak dira, bizipenagatik egiten dut. 

Halaber, goian zaudenean jendeak gehiago laguntzen zaitu eta horrek atea irekitzen du berriro txapelketan izena emateko.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Ahal dugunean zirkuituak alokatzen ditugu entrenatzeko eta Laudion zaletasun nahikoa dagoenez, elkarrekin joaten gara.

Hala ere, gastuak handiak dira eta gehienez hilean behin joaten gara eta asko da. Besteak beste, gurpilek gutxi irauten dute. Horrez gain, motor txikia daukat eta horrekin Karting zirkuituetara joaten gara, Zalla edo Olabarriara. Gutxi gastatzen dugu eta lan fisiko handia egiten dugu. Gainera, eroriz gero, matxurak ez dira garestiak. Horrez gain, korrika egin, gimnasiora joan, hobeto elikatu…

"ZX Cupen borrokatuko gara irabazteko, baina lehenengo hiruren artean egon nahi dugu. Ez bada posible, ez da ezer gertatzen. Izan ere, sari ekonomikoak oso txikiak dira, bizipenagatik egiten dut"

Talde batean aritzeko aukerak ikusten dituzu?

Diziplina honetan ez dago aukerarik. Taldeak daude, baina gidariak ordaintzen du taldearen zerbitzua jasotzeko. Oso garestia da. Esaterako, asteburu batean laguntza izatea 3.500 euro izan daiteke. 

Hori ez da bideragarria niretzat. Lagunek eskaintzen digute beren babesa eta ardurak hartzen dituzte, baina kirol honetan dirua oso garrantzitsua da eta ni bezalako eroak egon arren, lan egiten dutenak, gehienek badute dirua nahikoa.  Orduan, aurreko postuetan daudenak, oro har, taldeetan daude. Eroriz gero, berehala konpontzen diote makina. 

Nolakoa da telebistan ikusten dituzun zirkuituetan lehiatzea?

Ikusgarria. Pista barruan egon zaitezke eta ikaragarria da. 40 gidarirekin batzen zarenean sarreran pentsatzen duzu “zertarako etorri naiz?”. Izan ere, kirol arriskutsua da, eta nik parte hartu dudan lasterketaren batean hildakoak egon dira, zoritxarrez. 

Alcañizen, esaterako, istripua egon zen lehenengo bihurgunean, eta nirekin boxean zegoen mutil bat hil zen. Ez nuen ezagutzen, baina zur eta lur geratzen zara.

Hala ere, nik oso gogoko dut, sentsazioa, abiadura, beldurra, adrenalina… Horrek ez du kentzen batzuetan nire buruari galdetzea zer egiten ote dudan, baina esperientzia eta ezagutzen ari naizen jendea bikaina da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide