'Busti zaitez' egitasmoaren 20. edizioa egingo dute bihar Laudion. Jebi Vales herritarrak antolatu du, aurreko edizioak bezala. Izan ere, Vales duela 20 urte batu zen ekimenera, "gaixo berria naizenetik", azaldu duenez.
Biharko egitarauari dagokionez, laudioarrak iragarri du "11:00etatik 15:00ak arte" egongo dela Batzalarrin kalean, "gutxi gorabehera". Printzipioz, musika jarriko dute eta elkartasun pintxoak eskainiko dituzte: "Sagardoan egositako txistorra edo txanpinoi pintxoak jan ahalko dira, norberak erabakitzen duen prezioan". Horrez gain, egitasmoaren material salmenta puntua egongo da ere: kamisetak, katiluak...
Halaber, Valesek azpimarratu du helburu ekonomikoa ez ezik, jendearentzako informazio puntua jartzea ere badela xedea: "Nahi duenak aukera izango du hurbiltzeko eta galdetzeko".
Batzen duten dirua Adembi elkartera bideratuko dute, esklerosi anizkoitzaren ikerketa finantzatzeko.