Atzo gauean hasi ziren Arakaldoko Jaiak. Moonshine Wagon taldeak kontzertua eskaini zuen, eta DJ Portu arduratu zen gauaren hasiera zein amaiera girotzeaz.
Goiatz Dutto laudioarra buru duen taldeak folk eta bluegrass doinuak taularatu zituen, punk ukitu askorekin. Euren hiru diskoetako abestiak jotzeaz gain, hainbat bertsio ere taularatu zituzten musikariek, bertaratutako dozenaka lagunen gozagarri.
Astelehenera arte luzatuko dira Arakaldoko jaiak. Gaur eguerdian umeak izan dira protagonista, Diskotxantxa eta apar festa egon baitira. Arratsaldean, aldiz, festetako ikur bihurtu diren tortilla zein bolo txapelketak egongo dira herrian, haurrentzako jokoekin batera. 20:00etan 'Txi rock' familientzako kontzertua egongo da, eta Atxurre taldea eta Beranduegi erromeria igoko dira jarraian oholtzara. Tartean, aldiz, Lekittoko Deabruen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.
Bihar, aldiz, herri bazkaria izango da eguneko plater nagusia, baina bolo, pilota zein igel txapelketak egongo dira aurretik, besteak beste.