Larunbatean -uztailak 23- 18:00etan izango da Areta Trail Lasterketa. Laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta azken prestaketekin buru-belarri dabiltza lanean antolatzaileak. Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, uztailaren 16 arte zegoen hasiera batean inskripzio aldia zabalik, baina hiru egun gehiago luzatzea erabaki dute. "Asteartera arte egongo da inskripzioa egiteko aukera, baina uztailaren 17tik aurrera egiten dutenek ez dute oparirik izango. Dortsalak soberan badaude, egunean bertan salduko ditugu", zehaztu dute sare sozialetan. Aurten, gainera, partaide bakoitzaren diru ekarpenarekin Aretako Pinpili Aisialdi taldea lagunduko dute.
Bestalde, ekimenaren azpiegitura xehetasunak ere zabaldu dituzte sare sozialetan jada. Hala, Fabian Legorburu eskolako dutxak erabiltzeko aukera egongo da, eta aparkaleku gisa tren geltokiaren aldameneko gunea erabiltzeko gomendioa luzatu dute.
