Azken egun hauetan hainbat bidetatik zabaldu da Quintana Gozotegia itxiko duzuela. Erabaki zaila izan da, ziurrenik.
Bai. Nik 70 urte bete ditut eta hemen lanean nabil 14 urte nituenetik. Printzipioz nire semea geratuko zen, zortzi urtez egon baita nirekin, baina ezkondu eta aita izan ostean, erabaki du ez duela jarraitu nahi. Berak ez badu jarraitu nahi, nik uste dut nire eginkizuna bete dudala jadanik.
Quintanak historia luzea izan du.
Bai, ni 1967an hasi nintzen lanean, ikasle moduan, aurreko jabeekin. Gero ofizial bilakatu nintzen eta 27 urte nituela, jabeak erretiroa hartu zuen. Berak uste zuen nik gaitasuna nuela jarraitzeko negozioarekin.
"14 urte nituenetik lan egin izan dut Quintana gozotegian"
Une latza izan zen, une horretan Laudioko enpresak ez zeuden momenturik onenean, baina nire emazteak ere hemen egiten zuen lan, orain nire alabak egiten duen moduan. Edonola ere, edo gozotegia nire gain hartzen nuen edo biok kale gorrian geratzen ginen. Hasieran alokairuan hartu nuen eta gero erosi nuen.
Noiz sumatu zenuen milorriak bilakatzen zirela Laudioko ikur?
Berehala, jende asko etortzen baitzen Bilbotik. Santa Luziara igotzen ziren eta gero hemendik igarotzen ziren milorriak erostera. Jatetxeek ere egiten zuten. Adibidez, Urduñako La Ventak astebururo milorri andana eramaten zituen.
Gero jendeak aipatzen zuen. Guk ez dugu inoiz promoziorik edo iragarkirik egin.
Aurreko jabeek zuten errezeta aldatu zenuen?
Bai, garai horietan gozotegi bat gehiago baino ez zegoen Laudion. Asko saltzen zen, baina milorri gutxi egiten ziren. Errezeta aldatu nuen.
"Berehala konturatu nintzen milorriek arrakasta zutela, Bilboko jendea hemendik igarotzen zen erosteko"
Eta zein da sekretua?
Asko lan egin, produktu onak erabili, eta egunero hobeto egiten saiatzea. Nik ikastaro ugari egin ditut. Aukera nuenean, Bartzelonara edo Leonera joaten nintzen, liburuak irakurtzen nituen eta hainbat proposamen ezagutzen nituen. Gero pentsatzen nuen zer gehitu zitekeen nire produktura.
Albisteak zer nolako eragina izan du jendearengan?
Esaten digute pena handia ematen diela ixteak. Guri ere, baina horrelakoa da egoera.
Galdetu dizute milorriak izoztu daitezkeen?
Bai. Baten batek bai. Are gehiago, batzuek eskatu didate erakusteko milorriak egiten (barreak). Eurek etxean egiteko.
Eta zer esan diezu?
Ezetz. Auskalo oraindik zer gerta daitekeen. Ni ez naiz itzuliko, baina auskalo.
Zuk beti lan egin duzu atzean?
Bai, jende askok ez nau ezagutzen, edo ez nau gozotegiarekin lotzen.
Zer nolako oroimena geratuko zaizu, 50 urtez hemen lan egin ostean?
Beti egon izan naiz gustura. Gogoko izan dut lana beti, baina baita ordu ugari egin ere. Esaterako, Gabonetan edo hitzordu jakinetan lan izugarria egin behar da. Sakrifikatzeko beharra egon da. Ezkontza batera joanez gero, adi egon behar nintzen edaten nuenarekin, gero gaueko ordu txikitan lanean bainengoen. Egun ez dira horrelako gauzak egiten.
Zein izan da zure ohiko ordutegia?
04:00etan esnatzen nintzen eta berehala lanera, 12:00ak aldera bukatzeko, data garrantzitsuetan salbu.
"Pena ematen dit gozotegia ixteak eta saiakerak egin ditut hori ekiditeko"
Eta data horietan agian 16 ordu lan egiten zenituen?
Egun horietan ezin nuen edonor hartu lan egiteko, azkenean oztopatzen zuelako, etengabe esan behar nion zer egin.
Azken orduko ahaleginak egin dituzu norbaitek jarraitzeko negozioarekin?
Bai, adibidez, irina ekartzen digutenei galdetu diet ea ezagutzen zituzten gozogileak, baina Bilbon aurten hiru gozotegi itxi dituzte. Ez dute topatzen ordezkorik. Hori ez da ikasten hiru egunetan. Gozogile gehienek horrela ikasi dute, apurka-apurka.
Gutxienez, eman albiste on bat: orain erretiroa hartuko duzula, zer egingo duzu?
Ez dakit. Lehenik eta behin, atsedena hartu, eta gero pentsatuko dut. Ez daukat zaletasun handirik, baina dantzatzea gogoko dut eta Baisala elkartean nabil. Astean bi egunetan joaten naiz dantzatzera. Bidaiak egiten ditugu eta hori gogoko dut.
Gozogintza ‘merenguere’-arekin ordezkatuko duzu orduan?
Hori da, hain zuzen (barreak). Dena den, hor ere, jaietara joaten ginenean, jende gehiena geratzen zen nahi zuen ordura arte, baina nik beranduenez gauerdian joateko beharra nuen.
Orduan dardarka jar dadila jendea, ez zarela etxetik igaroko.
Ez, ez. (barreak). 70 urte dauzkat jadanik. Ez dut aparteko ezer egingo.
Ibilbide honetan zer oroitzapen geratuko zaizu?
Ondo egindako lana eta Laudiok aitortu didala gauzak ondo egin ditudala, bezeroari zerbitzatuta ahal izan dudan neurrian.
Bitxia da gaur egun, jende askok bere negozioa abiatzen duen unean, zuk ixtea zurea, hain arrakastatsua izanik, ezta?
Bai, baina asko lan egin behar da, opor egunetan jendea hortik dabil eta zuk hemen egon behar duzu. Orain adinekoa naiz, baina nire emazteak nirekin lan egiten zuenean, elkarrekin ateratzen ginen. Tamalez, 48 urterekin hil zen.
Zure emaztearekin urte luzez hemen lan egin izanak zaildu dizu itxiera?
Bai. Gainera, nire alaba ere dago hemen lanean, eta koinata. Dena geratu da familia barruan, baina nik 56 urte egin ditut hemen. Orain arte ez dut horrenbeste nabaritu, baina orain gehiegi da niretzat. Izan ere, nire semea egon den boladan, ni bakarrik etortzen nintzen gauzatxo batzuk egitera eta ez nintzen goiz altxatzen, baina orain berak ez duela jarraitu nahi, gehiegi da.