Laudioko Herri Udalekuen bizipenak elkarbanatuko ditugu zutabe honen bitartez. Udalekuko komunitatearen kide guztiak parte-hartuz harilkatu da, hots: lau hamar bitarteko haurrak eta hezitzaile lantaldea. Esperientzia elkarbanatu honetan, egunero-egunero abenturetan ibili gara, herrian zehar edonon eta edozein materialarekin aukerak sortuz zein jolasak asmatuz. Horrela, lagun berriak eginez gozatuz eta aisialdiaren bihotza dastatuz. Hemendik, eta orain, helduko diogu Udalekuen abenturari!
Txikitxoen taldean egun politak igaro ditugu, akelarrean murgildu gara edabe magiko eta sorginkerien artean. Horretaz gain, aho eta belarriak astindu ditugu korrika txikian euskararekin jolasean! Aste hauetan lagun asko egin ditugu! Zein garrantzitsuak diren lagunak... “Ondo pasatu dut” dio ume batek, hitza gorpuztuz begirada distiratsu batekin, zentzuz, egiaz eta sentimenduz jositako hitza, jendartean gutxitan hitz egiten dugun bezala, alegia. “Eta zu?” galdetzen dio umeak hezitzaileari. “Zuekin zoriontsu eta ume izan naiz, mila esker bihotza” erantzuten dio.
“Aurten ekintza magiko anitz egin ditugu” dio ertain taldeko beste ume batek. Parkea gure gotorleku bihurtu dugu, etxolak eta fogatak sortu, gaztelu bat konkistatu, bertako piztiak aztertu eta baita Arrañorako bide berri misteriotsuak ezagutu ditugu ere. Azken asteetan egin duen beroari aurre egiteko hainbat trikimailu asmatu ditugu: ur-jolasak zein igerilekura joatea ez ezik, Zubiko Etxetik pasa gara errezeta freskoak prestatzera. Ah, San Joanera egin dugun txangoan, gizon bat topatu dugu, gure lagun bilakatu eta bolo jokoaren sekretuak elkarbanatu dizkigu. Esperientzia horiek nahiko ez balira, gure gotorlekuko zuhaitzek konfiantzan bertan altxor bat dagoela xuxurlatu digute. Beraz, honen bila joan gara.
Nagusien taldekoak, bitartean, udalekuko elkargunea den herri liburutegi zaharrean, gora eta behera aritu gara ea komunean mamu bat dagoen aztertuz, zaratak eta argiak susmo izanik. Azkenean, ohartu gara lau urteko umetxo bat dabiltzala bertatik eta barre algaretan lehertu gara elkarri begira denon artean. Egun berdinean, Lamuza parkean mindutako kokoriko txiki bat topatu eta zaindu dugu, zaintza- lanak begiraleak etxean bukatu dituelarik. Arrañora irteera oso dibertigarria izan da, eta bertan antzeztu dugu ezkontza ezberdin bat. San Fermineko pankarta kolektiboa egin dugu baita ere, arrautza- ontziekin kolore ezberdinetako zezenak sortuz. “Guztion artean zerbait egiten dugunean hobeto pasatzen dugu” dio batek.
Hala zen edo ez bazen, laster udalekuko esperientzia intentsu eta ederrari bukaera emango diogu, esperientzia hori bakoitza soinean daramatzagularik. Zapore honekin, udaz gozatzen eta bizipenen egozte prozesuarekin jarraituko dugu. Izan ere, bizitza ipuin infinitu bat da, eta gure bizipenak gure altxorra dira, gure gorputzean bidaide eta indargune. Horiek horrela, egunero jarraituko dugu ume izaten, umeak zein helduak, umetasuna zaintzen eta bizipozten. Errealitatea eta gure bizitokia jolasleku bilakatuko dugu. Modu horretan, bizitzarekin eta inguruko kideekin elkarrekintzan ikasiz, hasiz, eta loratuz. Horrela, eta hortik, gora bizipozeko aisialdi euskalduna!