SORGINLARREN

"Eskuz eta banaka eginda daude 'Kultur tantak' liburu guztiak. Guk egiten dugu dena: enkuadernatzea, serigrafiatzea..."

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko uzt. 29a, 13:54
Gaur 17:00etan Ugarteko jaietan eskainiko dute kontaketa Sorginlarrenekoek. / Sorginlarren

Kultur tantak liburua sortu du Sorginlarren taldeak. Ikuskizuna ere prestatu dute, istorioko protagonistak txontxongilo bihurtuta. Ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu Ander Fernandez elkarteko kideak.

Kultur tantak ipuina ikuskizun bilakatu du Sorginlarren taldeak. Arrigorriagan aurkeztu zuten proiektua, eta Kirikiñoko basoan ere taularatu zuten duela zenbait egun. Gaur, Ugarteko jaien baitan eskainiko dute emanaldia, 17:00etan. Laudioko Txosnagunean, aldiz, abuztuaren 17an eskainiko dute, 12:00etan.

Ander Fernandez Sorginlarreneko kideak adierazi duenez, finantzaketa bide gisa erabaki zuten argitaratzea: "Istorioa eta ilustrazioak prestatu genituen pare bat egunetan. Maketatu, liburu formatua eman, lagunei iritzia eskatu eta salmentan jarri baino egun bat lehenago serigrafiatu genituen azalak". Ez da izango, ordea, proiektu komertziala: "Liburuak banaka eginda daude, eskuz. Guk egiten dugu dena: enkuadernatzea, serigrafiatzea...". Hortaz, helburua ez da asko egitea, jendeak eskatu ahala kaleratzea baizik. "Normalean hogeinaka saltzen ditugu, eta hirugarren botaldia amaitzen ari gara". Dena den, moldaketa batzuk egitea aurreikusi dute datozen edizioei begira.

"Txontxongilo txiki batzuk ditugu ere, eta titere horiek erabiltzen ditugu emanaldian, Kultur tantak ipuinaren irudiekin eginak" 

Kultur tantak ikuskizunean, euren argitalpeneko eta beste batzuetako ipuinak kontatzen dituzte. "Txontxongilo txiki batzuk ditugu ere, eta titere horiek erabiltzen ditugu emanaldian, Kultur tantak ipuinaren irudiekin eginak".  Fernandezen hitzetan, tanten ibilbide bat da kontakizunaren oinarria: "Lezeagako kobazulotik pasatzen gara, sorginen kantuek lagunduta. Azken aldarrikapena, Lamuza Parkea berriro ere kulturaz betetzeko beharra da".

Liburua eskuratu nahi duenak sorginlarren@gmail.com helbide elektronikoan egin dezake eskaera. Laudioko beste 2 gunetan ere dituzte aleak: Zuhaitza liburudendan eta Faktorian.  Ale bakoitzaren prezioa 12 eurokoa da "soldata prekariodunentzat", eta 15 eurokoa "ez-prekarioentzat".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide