Laudioko Txosnaguneak prest du jaietako egitaraua, Aldai Plaza astintzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko uzt. 29a, 15:23

Aldai plazan kokatuko da aurten ere Laudioko Txosnagunea. / Aiaraldea.eus

Laudioko Txosna Batzordeak publiko egin du 2022ko jaietako egitaraua. Makina bat ekintza prestatu dituzte jai herrikoien alde. Besteak beste, Dupla talde aguraindarrak astinduko du Aldai Plazako karpa, eta SOS Aiaraldea plataformari emango diote Urrezko Katxia, egindako lanaren aitortza gisa.

Ate joka daude honezkero Laudioko Jaiak, eta Txosna Batzordeak bere egitaraua iragarri berri du. Abuztuaren 15etik 27ra bitartean orotariko ekintzak prestatu dituzte Aldai plazako karpan, eta beste hainbeste jai-eragileren aterpe izango da ere.

Txosna Batzordeak SOS Aiaraldea plataformari emango dio 2022ko Urrezko Katxia, eta plataformako kideak izango dira festa-giroa piztearen ardura izango dutenak

Txupina eta Urrezko Katxia

Abuztuaren 15ean zabalduko dute txosnagunea, 13:00etan. Aurtengoan, 2019an izandako kokapen berdina izango du espazioak, Aldai Plazako futbol zelaia, hain zuzen ere.

Urtero legez, Urrezko Katxia banatu eta txupina jaurtiko dute egitarauari hasiera eman aurretik. Txosna Batzordeak SOS Aiaraldea plataformari emango dio 2022ko Urrezko Katxia, eta plataformako kideak izango dira festa-giroa piztearen ardura izango dutenak. SOS Aiaraldeak azken urteetan “lan eta bizi baldintza duin batzuen alde eskualdean egindako lan eskerga” aitortu nahi izan dute horrela Txosna Batzordeko kideek.

Musika eskaintza zabala

Beste urte batzuetako eskema jarraituz, musika eskaintza zabala prestatu du Laudioko Txosna Batzordeak, egunerako zein gau parterako. Abuztuaren 15ean Urrats erromeria arituko da 13:30etik aurrera, eta iluntzean, aldiz, Akerbeltzek astinduko du Aldai Plazako karpa.

Abuztuaren 16an, emakume musikariak lehen lerroan jartzeko apustuari helduta, Las Sexpeares, Erroka eta Gora Etorri taldeek girotuko dute gaua, 23:00etatik aurrera.

Atseden astetik bueltan, ordea, Matx sortzaile laudioarrak girotuko du afari musikatua abuztuaren 24ean. Abuztuaren 25ean Zutik! eta Dupla bandak igoko dira oholtzara Erruki erromeriak gauari itxiera eman aurretik.

Baserritar eguna, aldiz, eskualdeko musikarien eguna izango da, 4 Bancos, Atxurre eta Dantzetan Jarrai taldeen parte hartzearekin. DJ Masa gaztea arduratuko da Odoloste egunean festa-giroa goizeko ordu-txikiak arte luzatzeaz, 2019ko edizioan egin bezala.

Familia Gunea

Musika eskaintzaz harago, familientzako eta, bereziki, herriko gaztetxoenentzako egitarau zabala prestatu dute ere Txosna Batzordetik. ‘Familia Gunea’ atonduko dute egunero Aldai plazan, Kirikiño Atseden Taldeko kideen laguntzarekin; bertan puzgarriak eta bestelako jolasak eta jarduerak jarriko dituzte haurren eskura.

Haurrentzako ikuskizunak ere eskainiko dituzte. Abuztuaren 17an, 12:30ean, Sorginlarrenek prestaturiko Kultur Tantak ikuskizuna taularatuko dute. Abuztuaren 26an, aldiz, Miriki ipuin-kontalariak jarriko du haurren imajinazioa dantzan.

Ekintza gehiago

Jaietako beste hamaika jardueren aterpe izango da ere Laudioko Txosnagunea: Jai Kuadrillek antolaturiko paella lehiaketa, bazkariak, Laudio’s Got Talen lehiaketa, Kluedopoteoa edota Txosna Batzordeak berak dinamizatutako Berakatz Eguneko kantukada.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide