Sutea egon da gaur eguerdian Laudioko Ugarte auzoan. Eraikin baten atzeko aldean piztu da sua, etxebizitza blokera atxikitutako lokal batean, eta zenbait gune erabat kiskali dira. Etxebizitza bloke osoa hustu behar izan dute, bizilagunek adierazi dutenez. Hala ere, ez da zauriturik egon, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Suhiltzaileak, Larrialdi Zerbitzuak eta Udaltzaingoa ere bertaratu dira egoera bideratzera. Horrez gain, udal-gobernuko kideak ere egon dira ezbeharra jaso den tokian. Kontuan hartu behar da auzoko jaiak ospatzen ari direla uneotan. Gauzak hala, bizilagun ugari izan dira gertatutakoaren lekuko.
Poliziak jakinarazi duenez, oraindik ez dakite zerk eragin duen sua zehazki.
