Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Plazerra izango da Laudion jotzea, aurpegi ezagun asko ikustea espero dugu"

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 9a, 07:00

Maria, Belen eta Ekainek osatzen dute Las Sexpeare taldea.

Laudioko Txosnagunean joko du Las Sexpeares taldeak abuztuaren 16an. Maria eta Belen Sexpeare dira taldeko bateria eta kitarjolea, hurrenez hurren, eta Ekain Pliego Trujillo musikari laudioarra batu zaie aurten, baxujole moduan. Hirurekin hitz egin dugu taldearen bilakaerari eta 16ko emanaldiari buruz. 

Hamar urte baino gehiago daramatzazue jotzen, eta lau lan plazaratu dituzue dagoeneko. Bilakaera ikusi daiteke disko batetik bestera, baina punka duzue ardatz guztietan, ez?

Belen: Bai. Azken finean, gugan eragina izan duten talde gehienak punk rockekoak izan dira, baina bestelako gauza batzuk ere entzuten ditugu nahitaez, eta eboluzionatzen dugu, musikari zein talde moduan. Me fui de casa diskoa, adibidez, punk rock amerikarra da gehienbat. Somos lo peor albuma, aldiz, alternatiboagoa da, stoner ukitu batekin. Etorriko dena, aldiz, beste zerbait izango da, baina gu izateari utzi gabe. 

Letrei dagokionez, aldiz, gai pertsonal eta politikoak uztartzen dituzuela esan daiteke, ez? Nola ematen duzue uztarketa hori?

Belen: Gure gaiek gertatzen zaigunaz hitz egiten dute, gure bizipenez eta gure inguruan gertatzen denak gugan duen eraginaz. Gure errealitatearen zertzeladak dira. Azken finean, garai hauetan emakumea eta LGTBIQ+ kolektiboko kide izatea, politikoa da jada.

Ekain: Mikrofonoa potentzia handiko tresna da, eta beharrezkoa iruditzen zaigun guztia aldarrikatzeko erabiltzen dugu. Mezu ahalduntzaileak zabaltzen saiatzen gara letren bidez.

“Mikrofonoa potentzia handiko tresna da, eta beharrezkoa iruditzen zaigun guztia aldarrikatzeko erabiltzen dugu"

Nola bizi izan dituzue pandemiaren bi urteak? Nolakoa izan da oholtzera itzulera?

Maria: Etxean giltzapetuta egon ginen, denok bezala, eta denbora aprobetxatzen saiatu ginen. Hurrengo lanerako abestiak konposatu genituen, baina etxetik atera eta lokalera eraman genituenean, horietako asko ez zitzaizkigun gustatzen eta ez ginen identifikatuta sentitzen. Entsegu lokaleko kumeak gara, inprobisatzen dugun bitartean konposatzea gustatzen zaigu. Beraz, berriro konposatu behar izan dugu, zerotik abiatuta, eta ia badugu prest. Gainera, gustuko ditugun artisten lau bertsio ere atera ditugu: Putochinomaricón, Luna Ki, Bad Gyal eta Nosoträsh taldeenak. Aukera izan dugun unetik ekin diogu kontzertuak emateari. Hasieran arraro samarra zen giroa, baina badirudi dena normaltasunera itzultzen ari dela.

Ekain: Nik ez nuen esperientziarik pandemia aurretik, baina konfinamenduak balio izan zidan gogoeta egiteko eta nire benetako pasioa musika dela konturatzeko. Horretan aritu nahi dut, ahal dudan guztietan.

Aurten sartu zara taldean, Ekain. Nolakoa izaten ari da esperientzia orain arte? 

Ekain: Konfinamenduaren ondoren argi neukan talde bateko kide izan nahi zuela. Aurretik nuen ideia zen, baina une horretan indar handia hartu zuen eta lortu nahi nuen. Egun batean, kasualitatez, iragarki bat ikusi nuen baxu-jotzaile berri baten bila zebiltzala esanez, ez nuen zalantzarik izan, nahiz eta esperientziarik ez izan eta urtebete baino gutxiago neraman instrumentuarekin praktikatzen.

Abuztuaren 16an joko duzue Laudion. Zer nolako kontzertuarekin egingo du topo zuek ikustera bertaratzen denak?

Maria: Azala utziko dugu oholtzan, kontzertu guztietan bezala. Berdin du publikoan 10 edo 1.000 pertsona egon, areto bat edo jaialdi bat izan, guk beti ematen dugu dena. Espero dugu zuen gustukoa izatea!

Ekain: Hiru baino ez gara, baina zarata asko egiten dugu, zorua dardarazteko eta jaiarekin aurrera jarraitzeko energía nahikoa emateko haina.

Laudiokoaz gain, beste hainbat emanaldi ere egin dituzue edo egingo dituzue, ezta?

Belen: Aurten konposatzen eta Ekainekin zuzenekoa prestatzen arituko gara gehienbat. Hala ere, hainbat areto eta jaialditan jo dugu. Laudiokoaren ostean, Bilbon izango dugu hurrengo kontzertua, hilaren 26an, Aste Nagusian. Penadas por la lay taldearekin joko dugu Kafe Antzokian, eta doan! Gauzak hala, gogoekin geratzen bazarete bertan ikusi dezakegu berriz elkar!

Ekain: Duela zenbait aste Palenciako VDB Rock jaialdian egon ginen. Nire lehen esperientzia izan zen jaialdi batean eta oso pozgarria izan zen publikoak kontzertuaz nola gozatzen zuen ikustea. 

Duela lau urte argitaratu zenuten zuen azken diskoa. Baduzue proiektu berririk esku artean? 

Maria: Bai. Maketa bukatzen ari gara, abesti berriekin. Instrumentalki amaituta daukagu, letraren bat baino ez da falta guztiz amaitzeko, baina pixkanaka goaz. Belen ez da bere unerik onena pasatzen ari, eta buru osasuna zaintzea da lehentasuna. Kantak amaitu bezain laster, grabazio-estudioan sartuko gara eta ez gara aterako dena primeran egon arte.

Bukatzeko, azken mezuren bat gehitu nahiko zenukete?

Maria: Milesker babesagatik eta primeran pasa jaietan! 

Ekain: Plazerra izango da herrian jotzea. Aurpegi ezagun asko ikustea espero dugu, eta kontzertua gogoko izatea.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide