Jolaserako garai eta behar berrietara egokitutako gune eta baliabideak izango ditu aurrerantzean Laudioko Lamuza parkeak. 17 hilabete iraungo dute obrek, eta 167.779,56 euro inbertituko ditu Udalak aisialdi gunea eraberritzeko.
Izan ere, egungo elementuak zaharkituak geratu dira, tokiko erakundearen aburuz: "Gaur egun, udalerriak haurrentzako 27 jolas-gune ditu, baina batzuk zaharkituta geratu dira eta berritzea behar dute; esaterako, Laudioko bihotzean, kasinoaren ondoan dagoen Lamuza parkeko haurrentzako aisialdi-gunea".
Hala adierazi dute oharrean, eta Lamuzako haurren jolasgunea berritzeko lanak esleitu dituzte jada. Hain zuzen, Lurkoi enpresa arduratuko da instalazioez, "dauden bost jolasak kendu eta, horien ordez, txikiek gozatzeko bost gune berri jarriko ditu".
Zentzumenekin esperimentatzeko jolasak, zabuak, tirolina, aparatu kulunkariak, txirrista eta oztopo zein oreka zirkuitua jarriko dituzte, besteak beste
Bost gune
Batetik, altuera eta enborrak ardatz izanda, harea jolasak, tabureteak eta mahai multzoak tartekatuko dituzte. Bestetik, zabuak ipiniko dituzte 1-10 urte bitarteko haurrentzat, "bata habia motakoa eta bestea sehaska estilokoa, 2 eserlekurekin".
Horrez gain, mugimendua sustatzeko aparatu kulunkariak aurreikusi dituzte: soka txirikordatuzko zintzilikaria, pneumatikoz osatutako zabua edota zubi elastikoa kasu. Ildo beretik, tirolina bikoitza jartzeko asmoa agertu du udal gobernuak: "Bikoitza izango da, antolamendu paraleloan, erabiltzeko orduan lehia eta txapelketa ukitu txiki bat sortu ahal izateko".
Ingurunea baliatuta, oztopo eta oreka zirkuitua ere atonduko dute malda eta zuhaitzekin, "sokaren laguntzaz igarotzeko pasabideekin, zinta esekiekin, eskalada elementuekin zein elementu irristakorrekin, besteak beste". Ondorengo irudietan ikus daiteke urte eta erdian egikaritu nahi dituzten obrak: