Ostegunetako merkatua hiru astez bertan behera uztea agindu izana leporatu diote baserritarrek Laudioko Udalari

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 9a, 23:15

Aldai plazan jartzen dute baseritarrek merkatua ostegunero. / Aiaraldea.eus

Baserritarrek salatu dutenez, iragan ostegunean jaso zuten merkatua abuztuan zehar bertan behera uzteko agindua. Antza, Udalaren “akats” bat egon daiteke erabakiaren atzetik, baina momentuz ez dute horren jakinarazpenik jaso. 

Ostegunetan Laudion postua jartzen duten baserritarren elkarteak oharra zabaldu du salatzeko Udalak merkatua bertan behera uztea agindu diela abuztuan zehar.

Zehaztu dutenez, iragan ostegunean jaso zuten agindu hori. Orduan, egora ikusita, irailera arte itzuliko ez zirela esaten hasi ziren bezeroei, eta jeneroarekin zer egin pentsatzeari ekin zioten, aste hauetan ortuak “topera” daudelako. 

Hala ere, tokiko erakundearen jakinarazpena jaso eta gutxira, agindu hori Udalaren “akats” bat izan zenaren zurrumurrua zabaltzen hasi zen, oharrean azaldu dutenez. Baina nabarmendu dute oraindik ez dutela horren jakinarazpen ofizialik jaso. 

Gauzak hala, mina “jada eginda” dagoela salatu dute tokiko ekoizleek, bezero gehienei ostegunean bertan esan zietelako ez zirela irailera arte itzuliko. Horregatik uste dute, abuztuan azoka egiten utzita ere, jende gutxi bertaratuko litzatekeela.

“Nazkatuta” daudela nabarmendu dute ekoizleek: “Nazkatuta daude ez dutelako ulertzen baserri askoren mantenu bakarra asteko merkatua dela; astean egun bat edo bi bakarrik”. Era berean, “oso iraunkortasun laburreko elikagaiak” saltzen dituztela azaldu dute, “udal-kudeatzaileen plangintza edo koordinazio faltaren mende egon ezin daitezkeenak”. 

Gauzak hala, akatsa “ahalik eta lasterren” aitortu eta “ahalik eta gehien” publizitatzea eskatu diote Udalari, “baldin eta merkatua abuztuan mantendu nahi badute”. 

Horrez gain, “malgutasun eta konpresio” gutxi izatea leporatu diote tokiko erakundeari, merkatuaren oinarriak berritzeko prozesuari dagokionean.

Bukatzeko, baserritarrek nabarmendu dute tokiko erakundeak tokiko elikagaien ekoizpena eta ekoizleen zuzeneko salmenta sustatu beharko lituzkeela, Euskadiko tokiko feriak antolatzeko gidak hala zehazten duelako. 

Aiaraldea Komunikabidea Laudioko Udalarekin jarri da harremanetan gaiari buruz galdetzeko, baina momentuz ez du erantzunik jaso.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide