Javi Arteta txupineroak piztu du 2022ko suziria Laudioko jaietan. 12:00etan izan da txupinazoa, eta jendetza batu da Herriko plazan, jaiak noiz hasi zain.
Jaietako kuadrillek bi ordu lehenago zuten jarrita egitarauko aurreneko hitzordua, Baldarrak kuadrillak antolaturiko gosarian, hain zuzen ere. Ehunka lagun elkartu dira Alberto Acero plazan janariaz eta edariaz gozatzera. Tartean egon dira jai-kuadrillak ere, hurrengo egunetan soinean eramango dituzten pankartekin.
Txaranga eta batukada erritmoan iritsi da jende uholdea Herriko plazara eta, lehen suziriak eztanda egin bezain laster, erdiguneko txoko guztietara hedatu da festa-giroa.
Txosnagunea ere zabalik
Jai-kuadrillen kalejirak txosnagunean egin du azken geldialdia. Bertan, suziri herrikoia jaurti dute Txosna Batzordeko kideek, txosnaguneko egitarauari hasiera emanez.
Txosna Batzordeak SOS Aiaraldea plataformari eman dio aurtengo urrezko katxia, hilabete luzez eskualdeko eragile eta gatazka sozioekonomikoak ehuntzeko egindako lanaren aitortza gisa.