San Roke eguna ospatuko dute gaur Laudion. Ohi gisa, Arloteen alboradarekin esnatu da eguna, eta Lankaietako lagunek zein Ekinjoleak txistulariek jarraitu dute diana zikloa, gaiteroak ere batu direlarik gerora.
11:00etan San Rokeren omenezko meza nagusia egon da. Edozelan ere, entzierroen itzulera izan da arrakasta eta zirrara handia izan duen ekitaldietako bat, jendetza batu baita korrika egitera edota lasterkariak animatzera 11:00etan zein 12:30ean.
Lehen lasterkaldian ponien aurretik aritu dira korrika ume eta gazte ugari. Bigarrenean, berriz, bigantxak askatu dituzte; eta zaleek ez dute hutsik egin: Bi entzierroetan bete da zezen-plaza jendez, eta txandaka aritu behar izan dira sartu-irtenean jarraitzaileak.
Bi entzierroetan zezen-plazak gainezka egin du, eta txandaka aritu behar izan dira herritarrak sartu-irtenean, aforoa bete delako
Eguerdian, aldiz, Baisala taldearen dantza kubatarrak eta San Roke musika bandaren emanaldiak hartu dituzte, hurrenez hurren, Alberto Acero eta Aldai plazak.
Bazkalorduan bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte datozen orduetan laudioarrek. Batetik, jai koadrila historikoak elizako arkupeetan elkartuko dira; eta, bestetik, gaztetxeak antolatutako herri bazkaria izango da indarberritzeko osagaia.