Tokiko ekoizleek publiko egin dute Baserritar Egunean, hau da, ostiralean, abuztuaren 26an, 10 minutuko etenaldia egingo dutela azokan. 12:00etatik 12:10ak bitartean izango da lanuztea eta horrekin salatu nahi dute ez daudela ados Laudioko Udalak egindako aldaketekin udalerrian egiten diren azoketan aritzeko, bai ostegunekoan zein besteetan.
Baserritarrek adierazi dute tokiko erakundeak baldintza berriak ezarri dituela osasunari dagokionez. Ondorioz, eraldatzen dituzten produktuak saltzeko, Udalak derrigorrez eskatzen die ekoizleei erregistro sanitarioan egotea.
Lehen sektorean aritzen diren langileek uste dute ondo dagoela osasun neurriak ezartzea, baina kritikatu dute gehienen esku ez dagoela hori betetzea.
Laudioko azoketan aritzen diren ekoizleek salatu dute erregistro sanitarioa izatea derrigorrezko izatea erabaki duela Laudioko Udalak, eta gehienen esku ez dagoela inbertsio aukera hori
"Baserritar askok txerrikiak egiten dituzte etxean modu tradizionalean, eta orain arte ez da inolako arazorik izan osasunaren aldetik. Erregistro sanitarioa lortzeko sekulako inbertsioa egin beharra dago, eta gure ekonomiek ez dute hori ahalbidetzen", azaldu du Alberto Caminok.
Ostenko baserriko familiak jadanik iragarri du ez dela Baserritar Azokan egongo: "Ezin ditugu txerrikiak saldu, eta, ondorioz, ez du merezi joateak. Guretzat gogorra da, egun hori harro egoteko modukoa baita herriaren aurrean aldarrikatzeko gure lanbidea, baina ezin dugu erregistro sanitarioa eskuratu. Beharrezko inbertsioa da orain, enpresa handi batek egiten duena, eta gu ez gara gai. Guk biziraun dugu gure barazkiak eta bestelako produktuak -gazta, txerrikiak...- saltzen, baina orain ez da posible izango azokan egitea. Ez baldintza hauekin. Esan bezala, ostiraleko azokan ez gara egongo, baina elkartuko gara mobilizazioan gure babesa adierazteko joaten direnei".
Alberto Caminok uste du Laudioko Udalak oso irakurketa zorrotza egin duela baldintza sanitarioen aldetik: "Udalak badauka gaitasuna salbuespenak egiteko, eta ez du egin. Esaterako, Baserritar Eguneko Azokan odolosteak saltzeko aukera egongo da, zergatik ez erabili eskumen hori osteguneko azoka tradizionalean, orain arte bezala?", galdetu du.
Edonola ere, baldintza berriek ez diete eragiten soilik haragi ekoizleei. Alberto Caminok erantsi du araudi berriak bakarrik baimentzen duela saltzea "produktu propioa eta eraldatu gabea", edota erregistro sanitarioarekin baserrian bertan eraldatutaloa. "Nire uztako soberakinak zenbait eraldaketa zentrotara eramaten ditut poteetan sartzeko, baina araudi berriarekin pote horiek ezin ditut saldu, ez baitut nire etxean egin. Saiatzen ari naiz kontratu bat egiten eraldatzaileekin, ea horrela baimena ematen didaten".
Kontratu gehiago
Caminok nabarmendu duen beste puntu bat izan da kontratuak egiteko beharra: "Azokan zaudenean komunera joateko premia izanez gero, ezin da edonor geratu postua zaintzen. Udalak esan digu pertsona horiek kontratatu behar ditugula, Lan Ikuskaritzaren bisita egonez gero, baldintza guztiak betetzeko. Guretzat horrek ez dauka zentzurik. Ez dugu lagun bat kontratatuko 10 minutuz. Are gehiago, Gasteizko azokan aritzen gara gutako batzuk, eta hori ez dute eskatzen hiriburuan". Malgutasun gehiago aldarrikatu du ekoizleak arazo hauen konponbidea topatzeko.
SOS Baserriak plataformak exijitu dio Laudioko Udalari prozesua abiatzea azokako esleipenek eragindako arazoak konpontzeko, bi plaza hutsik geratu baitira eta hainbat ekoizlek uko egin diote azoketan egoteari
SOS Baserriaken oharra
SOS baserriak plataformak -hiltegiaren itxieraren harira sortutakoak- ere oharra zabaldu du mobilizazioa deitzeko 12:00etan Herriko plazan egun berean.
Taldeak salatu du baserritarren merkatuko esleipenek araudi baztertzailea baliatu dutela eta, ondorioz, zenbait ekoizlek uko egin diotela parte hartzeari eta bi plaza hutsik geratu direla. Plataformaren iritziz, irizpide berak erabili dira Baserritar Eguneko azokan, eta tokiko hainbat ekoizle ez dira egongo bertan.
Egoera hori zuzentzeko, SOS Baserriakek exijitu dio Udalari baserritarrek eurek izendatutako adituak egitea bi txosten esleipenen eta baserritarren gabeziak identifikatzeko; eta laguntza plana egitea tokiko erakundeak gabezi horiek konpontzeko.
Aiaraldea Libre
Bestalde, Aiaraldea Libre plataformak iragarri du bat egingo duela deialdiarekin: "Pertsona askok badakigu osasuna elikaduratik hasten dela eta burujabetza mahaian dagoela. Baserritarrak dira elikadura osasungarri, nutritibo, eskuragarri eta eskuragarriaren bermea. Elikadura-subiranotasunaren bermea dira".