Abuztuaren erdialdean Eroski City supermerkatuak zenbait kutxa automatiko ireki zituen, erosleek eurek kudeatzeko produktuen ordainketa. Neurriak erantzun ezberdinak sortu ditu eta kontsumitzaile askok uko egin diote zerbitzu hori baliatzeari, lanpostuen defentsan,
Aiaraldea Komunikabidea dendako langile batekin jarri da harremanetan jakiteko makina horiek enplegua suntsitu duten. Beharginaren erantzuna ezezkoa izan da: "Lau kide zeuden kutxetan eta kopuru bera mantentzen da, momentuz".
Langileak erabakiaren prozesua azaldu du: "Aspaldi kexak zeuden kontsumitzaileen aldetik, ilara luzeak sortzen zirelako ordaintzeko orduan. Supermerkatuan ez dago toki askoz gehiago kutxa arrunta berriak -langileekin- instalatzeko, hortaz, ordainketa automatikorako makinak ekarri dituzte".
Beharginak argitu du, momentuz, kutxetan langile kopuru bera dagoela kobratzen, baina ezberdin banatuta: "Kutxan zegoen beharginetako bat kutxa automatikoekin aritzen da orain. Izan ere, deskontuak egiteko eta alkohola saltzeko -egiaztatu beharra dago eroslea adin nagusia dela- norbaitek bideratu behar du dena".
Halaber, langileak aipatu du erosle askok desadostasuna azaldu dutela makina berrien agerpenarekin, etorkizunean lanpostuen suntsiketa ekarri dezaketela uste baitu jende ugarik.