Atzoko gauak kolore bereziak utzi zituen Laudioko jaietan. Batetik, Matx taldeak kontzertu ederra eskaini zuen afalorduan txosnagunean. Malen Atxa laudioar gazteak osatutako taldeak, bere abesti propioak zein bertsio anitzak taularatu zituen. Banda gehitu dio gainera sortzaileak emanaldiari, eta lau gazteek ikuskizun dotorea eskaini zuten.
23:00etan, berriz, Despitados taldeak saltoka jarri zuen herriko plaza. Jarraitzaileek ez zuten hutsik egin, eta makina bat jende gerturatu zen enparantzara emanaldiaz gozatzera.
Bestalde, Izaskun del Cerro urduñarrak zumba saioa gidatu zuen txosnetan. Hala, herritar ugari animatu ziren berarekin oholtza gainean zein behean dantzatzera.