Entzierro eta goizeko kalejirekin abiatu dute Odoloste Eguna. Gaur da, berez, Laudioko jaietako egun nagusia, eta jendetza gerturatu da iluntzean odolosteak jan eta ekitaldiez gozatzera. Aldai plazan, esaterako, Arabako herri kirolen txapelketa jokatu da.
Batetik, gizonezkoen zakulari txapelketa, eta bestetik Arabako emakumezkoen lokotx bilketa. Azken honetan, gainera, Miren Sarasola amurrioarra eta Zuriñe Frutos artziniegarra aritu dira nor baino nor. Alabaina, ez dute lehenbiziko bi postuetan geratzea lortu; eta, ondorioz, ez dute Euskal Herriko finalerako txartela eskuratu. Edozelan ere, giro ederra nagusitu da kirolari eta zaleen artean.
Lamuza parkean, berriz, 'Gora bihotzak' ikuskizuna plazaratu du, besteak beste, Leire Sanjurjo laudioarrak. Emanaldi bizia eta koloretsua izan da, eta ikusle guztiak dantzan jarri dituzte.