Bukatu dira Laudioko jaiak. Abuztuaren 15etik 17ra eta 24tik 28ra jarduera ugari egon dira udalerrian. Atzo izan zen azkena: Erroketxu txakurraren erreketa. 23:30ean jendetza batu zen institutuaren parean, kalejiran parte hartzeko. Ohiturei eutsiz, kandelak banatu zituzten partaideen artean, eta su-bengalen artean argitu zituzten erdiguneko kaleak. Hala, Zumalakarregitik Batzalarrin kalerako ibilbidea osatu zuten, herriko plazan azken traka egiteko. Modu horretan agurtu zuten Erroketxu txakurraren figura, eta panpina erre zuten ondoren. Horrenbestez, 2023ko abuztuaren 15era arte itxaron beharko dute laudioarrek herriko festez berriro gozatzeko.