Latiorron eskainiko dute udako jaietako azken traka

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ira. 7a, 17:12

Irailaren 16tik 18ra ospatuko dituzte Lateorroko Jaiak. / Aiaraldea.eus

Lowe, Moonshine Wagon, Lyrikan eta Oxabi erromeria taldeek joko dute auzoko jaietan. Horrez gain, pump truck erakustaldia egongo da larunbat arratsaldean. 

Jaia ez da sanrokeekin amaituko Laudion. Herriko festa nagusiak bukatu eta hiru astera hartuko dute lekukoa Latiorrokoek. Hiru egunez luzatuko dira ospakizunak auzoan, irailaren 16tik 18ra.

Ohiko eskema jarraituko festak, urtero errepikatzen diren ekintzak gorpuztuko baitute egitaraua. Latiorro Eskolako haur, irakasle eta gurasoek emango diote hasiera jaiari, danborradarekin. Larunbatean,  aldiz, mendi lasterketaren XII. edizioarekin hasiko dute eguna, eta ohiko herri bazkaria egongo da gero.

Igandean, aldiz, Marmitako txapelketa izango da jarduera nagusia. Topaketa gastronomikoaren XXXI. edizioa izango da aurtengoa.

Pump truck erakustaldia

Hala ere, berrikuntzak ere sartu dituzte programan, pump truck erakustaldia kasu. Auzoan aurten ireki den pista berrian egingo dute ekintza hori.

Jai-giroa goizeko ordu txikietara arte luzatuko da ostiral eta igandean, musika eskaintza oparoarekin. Lehen egunean Lowe eta Moonshine Wagon igoko dira txosnaguneko oholtzara. Biharamunean, aldiz, Lyrikan eta Oxabi erromeriaren txanda izango da. Horrez gain, DJ Diskodantza egongo da bi egunetan, parranda luzatzeko. 

Kostata, baina aurrera

Jai Batzordeko kideek aitortu dute kostatu egin zaiela jaien antolakuntzari berriz heltzea. “Hiru urteko geldialdia eta gero, amatasun eta aitatasun bajak tarteko, batzorde kide gutxiren artean lan guztia egin behar izan dugulako”. Hala ere, festek “betiko izaerari” eutsiko diotela ziurtatu dute.

Horrez gain, nabarmendu dute egitaraua oraindik ez dagoela guztiz itxita. Horregatik, auzoko “auzoko eragile aktibo guztien elkarlana eta inplikazioa” beharrezkoa izango dela adierazi dute: “ostalaritza, gizarte zentroak, guraso elkartea…”. Horretarako, posta elektroniko bat jarri dute (lateorroko.jaiak@gmail.com) antolakuntzan parte hartu nahi duen ororen eskura. “Lateorroko Jai Batzordeak-Bizi eta gozatu elkarteak irailaren 16tik aurrera, Latiorroko Jaiak gozatzeko deia egiten du, errespetuz, jan, edan, besarkatu, musukatu, konpartitu, dantzatu eta aldarrikatuz!”.

EGITARAU OSOA

Irailak 16, ostirala

18:00 // DANBORRADA

19:00 // TXUPINAZOA, BURUHANDIAK eta umeentzako ikuskizuna, Sambitas dantza taldearen erakustaldia

21:00 // LOWE, MOONSHINE WAGON eta DJ MASA

Irailak 17, larunbata

8:00 // XII. MENDI MARTXA

11:00 // Puzgarriak, tailerrak eta jolasak
Kirikiñoren eskutik

12:00 // Igel txapelketa

13:00 // Laudioko Musika Bandaren KALEJIRA eta poteoa ARLOTEekin

14:30 // HERRI BAZKARIA

16:30 // Bingoa eta musa

17:00 // Kalejira Izalderekin

17:30 // PUMP TRUCK 

20:00 // Untzueta dantza taldearen erakustaldia

21:00 // LYRIKAN, OXABI eta DJ Teso

Irailak 18, igandea

8:00 // XXXI. MARMITAKO TXAPELKETA

11:00 // Lankaietako Lagunaken kalejira

13:00 // Dantza emanaldia
Itxarkundia taldearekin

14:00 // Zozketa eta sari banaketa

15:00 // Marmitako bazkaria

16:30 // Bingoa

19:00 // Txokolatada

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide