Datorren urriaren 1ean, Laudiok 1936ko gerra ekarriko du gogora fikziozko antzezpen baten bidez, Santa Maria del Yermo santutegiaren inguruan. Udalak bultzatutako ekimen horren helburua museo-konplexu bizi bat sortzea da, jada urrun dauden gertaera haiek herrian izan zuten ondare-alderdiaren eta historikotasunaren berri emateko.
Laudio ez zen fronteko lehen lerroan egon, eta ez zuen borroka aipagarririk jasan, baina Burdin Hesiak izan zuen eragina udalerrian, eta istilu militar eta tropen zenbait joan etorri izan zituen. “Zorroztasun historikorik handiena lortu nahi bada ere, fikziozkoa izango da eta batez ere laudioarren presentzia izan zuten bi unitateren bidez egingo da: Arabako erreketea eta Araba Batailoia. Anarkisten eta nazionalista/karlisten artean izandako istiluak labur-labur jasoko dira, tokiko ondare-elementurik garrantzitsuena den eliza erretzeko saiakera idealizatua barne. Jarduera horren helburuak didaktikoak eta dibulgaziozkoak dira”, Felix Mugurutza ondarean adituak azaldu duenez.
EGITARAUA
Berregitea urriaren 1ean, larunbatean, egingo den arren, jarduerak irailaren 30ean, ostiralean, abiatuko dira, 19:00etan, Herriko Plazan, hamaika elkartetatik –lau Euskadikoak eta gainerakoak Estatuko beste leku batzuetakoak– etorritako 96 parte-hartzaileen harrerarekin. Harrera ekitaldiaren ondoren, hainbat ordezkari herriko erdigunean ibiliko dira uniformez jantzita, jarduera sustatzeko asmoz.
URRIAREN 1EKO EKITALDIAK
⁃ 10:00-13:30. Goizean zehar, gatazka haren hainbat alderdi erakutsiko dira, baita bertan garrantzia izan zuten eta jatorriz Laudiokoak ziren pertsonaiak ere (Perea, Ibarrola, Nogueira...).
⁃ 11:00etan eta 12:00etan. Anarkista talde bat tenpluari eraso eta su ematen saiatuko da, eta gudari nazionalistek hori saihestuko dute. Horren bidez, gobernu errepublikarra defendatzen zuten bando bereko alderdien arteko desadostasun handiak erakutsi nahi dira.
⁃ 13:30. 13:30etik aurrera, arkupean bazkalduko da, bakoitzak bere katilua edo kanpainako ontzia eramanez. Bazkaldu ondoren atsedenaldi labur bat egingo da.
⁃ 16:00-17:00. Gudua bera izango da. Fikziozko gertaera bat antzeztuko da. Bertan Arabako erreketearen konpainia batek, Araba batailoiko gudariak kantonatuta dauden Santa Maria del Yermo eliza erasora hartuko du.
EREMU ANTZEZTUAK
Antzezpenerako, Udalak bederatzi espazio ezberdin definitu ditu Santa Maria del Yermo Santutegian. Eta bakoitzean –jendea talde txiki antolatuetan igaroaraziko da–gerra haren alderdi bat azalduko da eta eguneroko eszenak antzeztuko dira, testuinguruan jartzeko. Izan ere, bertako zenbait pertsonaia, Juan Ibarrola Orueta edo Eugenio Perea Urkijo kasu, antzeztuko dira. Nolanahi ere, berregile bakoitzak herriko benetako pertsona bat ordezkatuko du, horrek merezi duen errespetu guztiarekin.
⁃ 1. postua. Errepideetako kontrol-postua, oso ohikoak inguru osoan. Jarduera ikustera sartzen den pertsona orok bertatik igaro beharko du. Errepidea moztuta egongo da puntu horretan, eta kontrol militar baten itxura eginez, taldeak hurrengo postuak ikustera igaro daitezen antolatuko dituzte.
⁃ 2. postua. Ingeniarien postua. Bilboko Burdin Hesia gertu dagoenez, puntu hori barne hartzen da eta gotortze prozesua eta inguru horretan oraindik geratzen diren ageriko aztarnak azaltzeko baliatzen da.
⁃ 3. postua. Errepublikari leial zaion armadaren aginte-postua. Postua bera berregingo da, bai eta Araba Batailoiaren agintari nagusiak ere. Bertan azaletik azalduko da unitatearen ibilbidea.
⁃ 4. postua. Armada matxinatu edo “nazionaleko” aginte-postua. Postua bera berregingo da, bai eta Andre Maria Zuriaren Tertzioko agintari agintari nagusiak ere. Bertan azaletik azalduko da unitatearen ibilbidea. Leku horren parean dagoen zelaia aprobetxatuko da erreketeko soldaduen instrukzioa irudikatzeko.
⁃ 5. postua. Abangoardiako ospitalea. Bertan, azaletik azalduko dira kanpainan zaurituei laguntzeko baliabideak eta metodoak.
⁃ 6. postua. Intendentzia. Nominak ordaintzearen simulazioa egingo da, eta horrek, aldi berean, berregileen asistentzia eta esleitutako jomuga kontrolatzeko balioko du. Era berean, hor tramitatuko da munizioen banaketa. Azkenik, zenbait figurante, eguerdian jango den arrantxoa bertan egingo duten sukaldariak izango dira.
⁃ 7. postua. Artilleria nazionala, Schneider kanoi batekin eta Arisaka beste batekin, biak erreprodukzioak.
⁃ 8. postua. Erreketearen kapilaua. Bertan, azaletik azalduko dira kanpainan meza emateko erabiltzen ziren baliabide materialak.
⁃ 9. postua. Gudarien kapilaua. Bertan, azaletik azalduko dira kanpainan meza emateko erabiltzen ziren baliabide materialak. Aldez aurreko instrukzio militarrerako gunea ere izango da. Kokapen hori, elizako arkupe zabala, harriztatua eta argazkientzako indar estetiko handikoa delako aukeratu da.
Jarduera Laudioko kultura- eta natura-ondarea ikertzeko, sendotzeko eta zabaltzeko Udal-administrazioaren babes bereziko planaren barruan dago