PEDRO IGNACIO ADRIAN GONZALEZ

"Ia 31 urtez Laudioko Musika Banda zuzendu ostean, saxofoia baino ez dut joko"

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 5a, 10:39

Hemendik aurrera Adrianek ez ditu zuzendari lanak egingo. / Aiaraldea.eus

PEDRO IGNACIO ADRIAN GONZALEZ (Areta, 1964) Laudioko Musika Bandako zuzendaria izan da denbora luzez, baina ibilbide hori amaitutzat jo du. Erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu.

Berriki jakin izan dugu Laudioko Musika Bandaren zuzendaritza utzi duzula. Nolakoa izan da erabakiaren prozesua, ia 31 urtez ardura hori izan ondoren?

48 urtez egon naiz bandan. Horietatik 40 zuzendaritza lanetan, 4 urtez zuzendari ordea izanda eta ia 31 zuzendari gisa. Horrenbeste denboraren ondoren, nekatuta sentitzen naiz eta tartea behar dut familiarako eta abar.

Bolada luze horretan musika banda beti izan da nire lehentasuna. Horregatik, udako oporrak galdu izan ditut. Izan ere, uda da kontzertu gehien dagoen unea eta jende guztiak ditu oporrak. Dena ondo antolatu beharra dago.

"Laudioko Musika Banda izan da lehentasuna nire bizitzan, baina orain familiarako denbora behar dut"

Bestalde, COVID garaiko bi urteak oso gogorrak izan dira. Pandemia gainditu baino lehen jakinarazi nuen nire gura postua uzteko. Edonola ere, koronabirusarekin ezin nion uko egin banda zuzentzeari. Ahalegina egin behar nuen eta egin nuen.

Bi urte horietan bandak bere jarduera ahalik eta gehien mugatu du, emanaldiei zein klaseei dagokienez. Debekatu ziguten klaseak ematea eta egoitza  itxi ziguten.

Ondorioz, jendea berritzeko arazo latzak izan ditugu. Ikasle batzuek ikasketak utzi zituzten, geldialdi luze horren ondorioz. Bi urte horrelako elkarte batentzat mende bat da.  

Gauzak horrela, maiatzaren 22an, pandemiaren garai zailenak gaindituta, batzarrari adierazi nion zuzendaritza utzi nahi nuela, dena konpondu eta bideratu eta gero. Adostu genuen udan nik zuzentzea kontzertuak eta gero uztea.

Nik banekien kokoteraino bukatuko nuela, baina akordioa zen. Erabaki neurtua izan da.

Hala ere, bandan jarraituko dut saxofoi jotzaile gisa. Banda nire bizitza da.

Norbaitek hartu du zure lekukoa?

Bai, ezin dut bere izena esan momentuz, baina badago pertsona bat. Probatuko dugu. Lan-taldea dago batzordean eta zaila da.

"Badago ni ordezkatuko duen pertsona"

Konfiantza handia dut haiengan, badakitelako nola egin behar diren gauzak. Gainera, hau da unerik onena beste zuzendari bat sartzeko, hurrengo kontzerturako bi hilabete izango ditu prestatzeko. Kontuan hartu nik hilabete bakarrean bost emanaldi egin ditudala.

Zeintzuk dira zuzendariaren ardurak?

Zuzentzeaz aparte, denetarik. Egitaraua osatzea, partiturak bilatzea, beste bandekin harremanak izatea partiturak trukatzeko, sustapena, kartelak egin eta jartzea, antolatzea... Ez dago denborarik banda honetan. Banda profesional batean soilik mugatu zaitezke zuzentzera.

Eta dena musutruk?

Baina ez nik bakarrik, besteok ere.

Zure ibilbide luze honetan, zeintzuk izan dira une goxoenak?

Zallako lehiaketan lortutako sariak, Najerako Nazioarteko Jaialdian Euskadi ordezkatzea, Donostiako Nazioarteko Hamabostaldian hautatuak izatea (nahiz eta ez ginen joan, Laudioko Jaiak zirelako eta kontzertuak genituelako)...

Abesti sorta zabaltzea, fitxategia handitzea, musika tresna berriak erostea... Ni sartu nintzenean plater batzuk eta bonbo bat baino ez zeuden.

"Zuzendaritza hartu nuenean bandaren egoera oso txarra zen"

Dena den, nahiko nuke, Laudioko Antzokia egiten bada, han kontzertu bat zuzentzea. Beste batzuetan egin dut, baina horrelako leku batean islatzen da entseguetan lantzen denaren benetako neurria.

Zein egoeran hartu zenuen banda?

Txarrean. Arazoak zeuden jendea berritzeko. Ni sartu nintzenean gazte bakarra nintzen. Gero hasi ziren neska eta mutilak batzen eta horrela egin dugu aurrera.

Aipatu duzu zure familiarentzako denbora behar duzula. Zure semearen lorpenek zerikusia dute horrekin?

Laudioko bandak lotura dauka lorpen horiekin. Bandako akademian sartu zen eta ez da emaitza onak lortu dituen bakarra. Ikasten duenak aurrera egiten du. Horregatik, ikasleen falta sumatzen dut, baita ganorazko musika eskola baten beharra ere Laudion.

Nire semeak lortu du Euskal Gazteen Orkrestan egotea, eta Nafarroako Kontserbatorio Nagusian ikastea, bakarlari moduan jotzen du... Ondo doa, beste batuk bezala, bestalde.

Hemendik aurrera zein da zure plana?

Saxofoia jotzea, beti gogoko izan dudana. Orain denbora daukat eta berreskuratzen ari naiz musika tresna. Inoiz ez diot utzi jotzeari, hori bai. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide