Prentsa oharra plazaratu du EAJk aurtengo sanrokeen balorazioa egiteko. Alderdi jeltzalearen aburuz, “erabateko arrakasta” izan dute aurtengo jaiek. Talde politikoak nabarmendu du 100 ekitaldi baino gehiago egon direla, “Udalak, koadrilek eta jaietako eragileek batera eta koordinatuta antolatuta”.
Talde eta eragile guztien arteko antolakuntza giroa “lasaia, parte-hartzailea, lankidetzakoa eta inplikazio handikoa” izan dela ziurtatu dute oharrean. Jeltzaleen aburuz, “ilusioa eta gogoa” izan dira nagusi, “ eta hori nabaritu da egindako lanean eta, batez ere, lortutako emaitza bikainetan”.
Era berean “tradizioa eta garai berriak” uztartzea lortu dute, Maite Cortazarren arabera. Jaietako zinegotziak azaldu du ekitaldi batzuk “hamarkadak” daramatzatela ospatzen, “eta horrela jarraitu behar dute belaunaldi berriei egokitutako aldaketa txikiekin”. Era berean, auzoetako jai batzordeei eta eragileei “erabateko errespetua” zor dietela gaineratu du ordezkari jeltzaleak.
“Asistentzia masiboa”
Ekitaldien asistentzia “masiboa” izan dela nabarmendu du EAJk. “Inoiz ez zen Herriko Plaza hain beteta egon festen hasieran, txupinazoarekin”. Era berean, ekitaldien %85ean euskara presente egon dela nabarmendu dute oharrean.
Horrez gain, aipamen berezia egin diete kontzertuei, “maila eta kalitate handiko” emanaldien aldeko apustua egin delako: “Uste dugu erabakia guztiz egokia izan dela, bizilagunek merezi dutelako, eta 2022an gure herriko kontzertuez gozatzeko aukera izateaz gain, beste leku batzuetako biztanle askok gu bisitatzea lortu dugu". Jeltzaleen aburuz, musika ekitaldi horiekin lortu da Laudio “erreferente” gisa kokatzea, eta horrek “ondorio positiboak izango ditu tokiko ekonomian”.
Zehaztu dutenez, La Oreja de Van Gogh taldearen emanaldiak 8.000 ikusle batu zituen, eta La Pegatinarenak 6.500. Era berean, Mocedades eta La Formula Orkestraren emanaldiak ere bereziki jendetsuak izan dira, EAJk azpimarratu duenez.
EAJk oharraren azken lerroak baliatu ditu eskerrak emateko jaien antolakuntzan murgilduta egon diren elkarte, eragile, talde zein udal-langileei. “Bereziki, alderdi jeltzaletik, kofradiako bazkarian ohorezko aurreskua dantzatu zuen Carmen Zaballa gure bizilaguna nabarmendu nahi dugu. Tradizio eta garai berrien ikurra, Laudio Andaluziako Aldeakemada herriarekin senidetu zen egunean ere oihartzuna izan zuena”.
Horrez gain, herritarrak ere zoriondu dituzte, “jaietan modu aktiboan, errespetuz eta arazorik gabe parte hartzeagatik”.