Sugarrak klubean hauteskundeak egingo dituzte, Óscar Muñoz 'Joko' presidenteak kargua utziko baitu

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 6a, 08:55
Sugarrak klubak presidente berria beharko du hurrengo denboraldirako.

Óscar Muñoz 'Joko' egungo presidenteak eskutitz publikoaren bidez jakinarazi du denboraldi hau izango dela azkena berarentzat kargu horretan. Ondorioz, saskibaloi klubak hauteskunde prozesua abiatu du.

Sugarrak klubeko presidente izateko interesdunek maiatzaren 31ra arteko epea daukate euren hautagaitza aurkezteko. Horretarako, erakundeko 10 bazkideren babesa beharko dute, eta klubarekin harremanetan jartzeko sugarraklaudio@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzea izango da jarraitu beharreko bidea.

Hautagai bat baino gehiago egonez gero, ekainean egingo litzateke bozketa. Bazkide bakarrak bere burua aurkeztuko balu, hil horretan bertan lagatuko lizkiokete eskumenak eta ardurak.

Jokoren agurra

Hauteskunde prozesuaren beharra sortu du Óscar Muñoz 'Joko' presidentearen erabakiak. Izan ere, laudioarrak eskutitza zabaldu du Sugarraken sare sozialen bidez, azaltzeko bere ardurei uko egingo diela 2022/2023 denboraldia amaitzean. 

10 urte bete ditu egungo presidenteak karguan

Jokok 10 urte beteko ditu aurten presidente gisa eta, aitortu duenez, pandemia hasi baino lehen ere pentsatua zuen urrats hori egitea. Hala ere, COVID-19ak eragindako muturreko egoeraren ondorioz, eutsi egin dio karguari klubeko biziraupena bermatu arte, berak esandakoaren arabera.

Saskibaloi komunitatea, eta emakumezkoak gehiengoa

Óscar Muñozek aitortu du 24 urterekin Sugarraken gidaritza hartu zuenean -Julen Vazquez, Juanjo Amenedo eta Julen Caleroren laguntzarekin- ez zegoela prest horretarako, baina erabaki zuzenak eta okerrak harturik, klubak aurrera egin duela, saskibaloi komunitatea sortu arte.

Gizonezkoen 3 talde izatetik, 16 talde izatera igaro da kluba, gehienak emakumezkoenak

Hain zuzen, Jokok gogoratu du 2012an 3 talde baino ez zeudela Sugarraken, eta guztiak gizonezkoenak. Egun, 16 dira taldeak eta emakumezkoen atalak kide gehiago ditu.

Eskerrak eta gatazkak

Óscar Muñozek esker hitz ugari izan ditu "agur" adierazpenean. Hasteko, bere bikotekidea izan du gogoan, arduraren zama arindu baitio urte luze hauetan. Bestetik, klubeko egitura osatzen duten entrenatzaile eta boluntarioentzat ere zabaldu du mezua, kirolaren balioak transmititzen baitituzte gazteen artean.

Horrez gain, Jokok gaineratu du presidentetzak ere gatazka eta ika-mika anitz ekarri dizkiola: "Nire izaeragatik eta izan ditudan ardurengatik. Beti jarri izan dut kluba beste edozerren gainetik". Zentzu horretan, saskibaloiari esker izugarri gozatu duela aitortu du, baina dena ez da gozoa izan: "Arazoak ere sortu dizkit maite dudan jendearekin, batzuk konpondu ditut, beste batzuk ez".

Gauzak horrela, bere bizitza pertsonalari lehentasuna emateko garaia heldu dela uste du Muñozek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide