SUSANA VERDE MENACHO

“Oso esperientzia polita izan da Hockey Mundialean jokatzea. 40 urtetik gora ere badago bizitzerik”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ira. 20a, 08:00

Ingalaterran egon da Susana Verde, Hockey Mundialean. / Aiaraldea.eus

SUSANA VERDE MENACHO (Laudio, 1976) Hockey jokalaria eta epailea da. Ingalaterran egon da nazioarteko kopa jokatzen abuztuko bigarren hamabostaldian. Bi gol sartuta itzuli da, eta hockeyan jarraitzeko gogo izugarriarekin.

Ez da kasualitatea nazioarteko hockeyan aritzeko aukera. Noiz hasi zinen kirol horretan?

25 urte inguru daramatzat hockeyan jolasten. Azken urteetan hockey epaile gisa aritu naiz, arbitro lanetan. Gasteizen arbitratu nuen azken aldiz Espainiako Kopan, kanpora joan bainintzen bizitzera, Castrora (Kantabria, Espainia). Hala ere, Laudioko beteranoen taldean aritzen naiz jolasten, Satorrak izenekoan.

Zenbat urte eman dituzu hockey partidak arbitratzen?

Ez dakit, 10-12 urte inguru. Gainera, zorte handia izan nuen: nazioartean Europako kopetan ere ibili nintzen. Esaterako, Italian, Ingalaterran eta Irlandan egona naiz. Horrez gain, kluben arteko kopa bat ikuskatu nuen Ourensen.

Oraingoa ez da izan Espainiako selekzioan parte hartzen duzun lehen aldia.

Ez, baina mundialeko lehenbiziko esperientzia bai. Abuztuaren 11tik 22ra egon gara Nottinghamen (Ingalaterra). Nik 40 urtetik gorakoen taldean jokatu dut.

Nolako esperientzia izan da zuretzat Hockeyko Mundialean aritzea?

Izugarria. Bi talde edo multzo egin zituzten gure kategorian, A eta B. Guztira 13 talde geunden, eta 6 partida jokatu ditugu. Guk bosgarren sailkatzea lortu genuen gure multzoan, baina nire ustez ez zeuden orekatuta. Izan ere, gure multzoa Argentinak irabazi zuen, baina guk 0-0 berdindu genuen euren aurka. Jolasten jarraitzeko sekulako gogoarekin bueltatu naiz.

Aurrelaria izanik, golik sartzea lortu duzu?

Ni aurrelaria naiz, eta partidetan denbora asko jokatu ahal izan dut. Gainera, bi gol sartu dut, eta beraz, oso sentsazio onekin itzuli naiz. Egia da, txapelketara 2 hilabete lehenago batu nintzela; eta baiezkoa ematea erabaki nuenetik prestaketetan aritu naiz. Taldearen barruan nengoela jakin nuenetik topera izan dut burua.

Nola prestatzen da Hockey mundial bat?

Azken bi hilabeteetan fisikoki prestatzen saiatu naiz: kirola egiten, elikadura zaintzen... Azkartasuna izateko pisua zaindu dut. Etxean libre izan dudan tarteetan abdominalak eta pesak egiten egon naiz, korrika... Hala ere, ez da erraza familia eta lan bizitza uztartzen. Edozelan ere, sekulako zortea izan dut: Getxoko kideekin entrenatzen ere aritu naiz bertan.

Eta orain? Nazioartean lehiatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Gustatuko litzaidake. Urtero lehiaketa bat dago, Europako txapelketa eta Mundiala tartekatu egiten dira bi urtero. Ez dakit nirekin kontatuko duten. Datorren urtean Londresen izango da Europako txapelketa, eta hurrengoan (Mundiala) Bostonen. Gure mailan gastu ekonomiko guztiak jokalariaren gain geratzen dira, eta jende guztiak ezin du hori ordaindu. Esaterako, Txiletarrek kontatu ziguten bidaia eta hotelean 4.000€ utzi zituztela buruko. Diru asko da, eta domina baino ez dizute ematen. Hala ere, esperientzia gisa oso polita izan da.

Beteranoek ere baduzue sasoia. Kirolak ez dauka adinik?

Hasiera batean beldurrarekin itzuli nintzen, baina Laudion probatzea erabaki nuen, eta orain jada ez naute hemendik aterako ezta ur beroarekin ere! 40 urtetik harago, bada bizitzerik. Egia da adinak mugatu egiten duela, baina taldeak asko egiten du, ni engantxatuta nago. Garrantzitsua iruditzen zait gure umeek ikustea jende eta jarduera sanoekin zenbat gozatu daitekeen; lehiatzen aritu edo ez, bizitzak jarraitu egiten du edade batetik aurrera ere.

Laudioko hockey taldean jarraituko duzu, beraz?

Bai. Getxon jolasteko aukera eskaini didate, baina niretzat nire taldea hau da; eta hemen jarraituko nahiko nuke.

Hamarkada luzez bizi duzu hockeya. Egoera aldatu da?

Gazteetako nire oroitzapena holakoa da: edonoiz ikusten zenuen jendea hockey makil batekin kaletik. Orain ez. Garai batean talde asko geunden: Ganbegi, Arabatarrak, Satorrak, Fomento (Amurrion). Gerora, Ganbegi eta Arabatarrak batu ziren, eta Aiara taldea sortu zen.

Laudio ezaguna egin zuen hockeyak eskualdetik kanpo ere. Zer egin liteke kirola indartzeko?

Laudiok, izen edo ospe handia izan du gainera: oso udalerri gutxik dute belar hockeyko zelaia, edota hockey salan jolasteko pista. Udalak azpiegiturak hobetzen inbertsioa egin beharko luke (mendiaren alboan dagoenez zikina dago, eta mantenua eskatzen du), eta horrela, jende gehiago batuko litzateke. Probatu ez duena ere ausartzera animatzen dut hemendik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide