Publiko egin duzu presidentetza utziko duzula. Nola sentitzen zara orain?
Ondo, pisua gainetik kendu izan banu bezala.
Denboraldi honetan lan guztia egingo duzu edo trantsizioa egingo duzu?
Printzipioz, denboraldi arrunta izango da. Nik egingo dut dena eta bukatzen denean, maiatzean, amaituko da epea hautagaiak aurkezteko. Orduan hasiko da hauteskunde prozesua. Ekainean eskumenak lagatuko dizkiot presidente berriari. Hori da gure nahia.
10 urte baino gehiago presidentetzan. Sartu zinenean ba al zenekien zer egiten zenuen?
Ez. Klubaren ardura nire gain geratu zen. Jose Angel Olabuenagak utzi zuen Bedarbiden aritzeko, bera Urduñan bizi baita. Ondorioz, lau pertsonen eskuetan geratu zen, baina ez genuen gehiegi pentsatu.
"Pandemia oso une gogorra izan da. Hasi zenean dena gelditu genuen, baina saskibaloia uztea ez zen zailena izan, jarduera berreskuratzea izan da erokeria"
Ezustea izan zen. Gu bageunden administrazio lanetan sartuta, baina klub guztia eramatea beste kontu bat da; haztea, helburuak ezartzea eta betetzea... Hori izan da zailena.
Dirulaguntzak, burokrazia... hori lan gogorra ere bada.
Hori izan da gogorrena?
Ez, pandemia izan da. Hasi zenean dena gelditu genuen. Dena den, saskibaloia uztea ez zen zailena izan. Jarduera berreskuratzea izan da erokeria. Eusko Jaurlaritzak agindu bat egiten zuen, Laudioko Udalak bestea... eta gu erdian geunden.
Zaila izan zen, eta mentalki oso gogorra, oso une kritikoa.
Urte luze hauetan zein ardura hartu dituzu zure gain?
Klubaren kudeaketa ekonomikoa. Hau da, dirua eskuratzea eta nola inbertitu erabakitzea, gure bazkideentzako batzarra prestatzea, datuak aurkeztea eta euren oniritzia jasotzea... Hori da agian zama handiena. Baina, administrazioaren aldetik, fitxak egitea, datuak prozesatzea, inskripzioak...
Kideen kudeaketa da zailena. Ez gara enpresa bat, baina batzuetan enpresa baten moduan funtzionatu beharra dago. Nahiz eta buruzagia ez izan, esan behar izan dut zer egin behar den. Ez da erraza jendea behartzea konpromisoak betetzera.
Espero dut hurrengoak hobeto eramatea hori.
Nola baloratzen duzu zure lana?
Hasi ginenean hiru talde zeuden; bi senior eta kadete bat. Guztiak mutilak. Orduan hasi ginen kartelak jartzen, jendea erakartzen eta 2014an hasi ziren txikiak etortzen eta han hasi zen kudeaketa.
2012an eta 2013an 40 lagun baino ez ginen eta erraza zen kudeatzea.120 kide izan ginen bat-batean eta horrek urrats handia suposatu zuen. Orain 16 talde gaude eta neskak dira gehienak. 180 jokalari gara, baina izen-ematea irekita dago eta gehiago heldu daitezke.
"Komunitatea handitu da eta jokalariak maila hartzen ari dira. Balorazioa oso positiboa da"
Pandemia oso kaltegarria izan da. Bi talde senior osatu behar genituen, baina pandemiarekin jokalariak joan ziren eta ez dira itzuli. Orain une interesgarria da, trebakuntzarekin gaude, pare bat jokalari ditugu Arabako Selekzioan eta beste bat Euskadikoan. Jendea maila hartzen ari da eta gure komunitatea handitzen joan da. Oso positiboa da balorazioa.
Dena den, arlo pertsonalean ez zara hain baikorra izan zure balorazioan, ezta?
Agur eskutitzean esan bezala, pertsona batzuekin galdu dut harremana hartutako erabakiengatik. Hala eta guztiz ere, kontzientzia lasai dugu, interes orokorra lehentasuna izan baitzen guretzat. Pertsonalki, hor egoteak nahiko erretzen du. Hori horrela da.
Dena den, atzera begira, polita izan da. Ni saskibaloian aritzen nintzenean, txikia nintzelarik, sentitzen nuen klub bat zegoela atzean, eta orain uste dut egoera horretara itzuli garela. Entrenatzaile beteranoek hori esan digute.
Zerk bultzatu zaitu hainbat urtez ardura hori hartzera?
Uste dut burua galdu dudala saskibaloiagatik. Maiteminduta nago. Ez da diru kontua, soilik egin dut kluba eta herria maite ditudalako. Izorratuta egon arren, tinko mantendu naiz, lotura sentimentala dugulako egin dugu aurrera.
Guretzat saskibaloia bizitzeko modua da. 12, 13, 14 edo 15 urterekin hasi ginenean ez genuen espero heltzea heldu garen puntura. Jokatzera mugatzen ginen, baina saskibaloiaren bitartez, gutxi gorabehera, sortu genuen kuadrilla. Erdia klubean dago entrenatzen edo zuzendaritza lanetan. Gure bizitza beti egin dugu saskibaloiaren inguruan.