"Euskaraz bizi" lemapean euskararen jaia egingo dute Laudion irailaren 23tik 25era. Basalarrinak, Kirikiñok, Laudioko ikastetxeek eta Udalak prestatu dute beste urte batez Euskararen jaiko egitaraua, elkarlanean.
Ostiralean hasiko dute ekintza sorta, 'Gune ibiltaria' erakusketarekin. Arratsalde osoan egongo da Topagunearen eta Laudioko Udalaren erakusketa herriko plazan, 17:00etatik 20:00etara, hain zuzen. Euskaraldiari lotutako tailerrek emango diote segida barikuko programazioari, 18:00etatik aurrera talo eta txapa tailerra zein musika eskaintzak hartuko baitute Herriko plaza. Ordu erdi beranduago, Laudioko euskararen kale neurketaren emaitzak aurkeztuko ditu Udalak, Kultur Etxean. 20:30ean, aldiz, Ugarte Otxotearen kantujiraren doinupean ariko dira bizilagunak.
Larunbatean, "Laudion euskaraz" filma laburren rallya antolatuko du Kirikiñok Aldai plazan, eta 13:00etan egingo dute sari banaketa. Arratsaldean, ordea, dantza plaza egingo dute Herriko plazan, 'Erdizka lauetan' taldearen eskutik.
Igandean amaituko da ospakizun zikloa, Ermualdera Ugarteko plazatik abiatuko den mendi ibilaldiarekin. 9:30ean izango da irteera hitzordua, eta 12:00etan 'Laudio euskalduna' argazkia eta mokadua egingo dituzte aipatutako eremuan. .Antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldi euritsua balego, Aldai plazara mugituko lituzkete jarduerak.
Aurten ez da herri bazkaririk egongo. Urrezko makilaren ekitaldia, aldiz, abenduaren 3an egingo dute, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan.