Ordenantza fiskaletan jasotako hobariak handitzea eskatu du EH Bilduk, egoera zaurgarrian dauden herritarrak laguntzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 14a, 11:12

Ordenantza fiskalen gaineko proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduk. / Aiaraldea.eus

Ordenantza fiskalen inguruan zabaldutako eztabaidan, indarrean dauden hobariak handitzea proposatu du Laudioko EH Bilduk, egoera zaurgarrienean dauden pertsonak laguntzeko asmoz.

Laudioko ordenantza fiskalek jasotako hobariak handitzea proposatu du Laudioko EH Bildu udal taldeak, ordenantza fiskalen gainean zabaldu berri den eztabaidaren barruan. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) eta  hiri-hondakinen tasan izango luke eragina oposizioko udal-taldeak aurkeztutako proposamenak. EH Bilduren aburuz, bi zerga horietan ezarritako hobariak %95ekoak izatera heldu daitezke, "bizikidetza unitateen errenta eta kide kopurua kontuan hartuz beti ere".

Koalizio abertzalearen proposamenak egoera zaurgarrienean dauden herritarrak laguntzea du helburu. Modu berean, bi zergaren igoera proposatu du EH Bilduk, "udalaren ahalmen ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko": jarduera ekonomikoren gaineko zerga eta katrasto-balio altuena dutenen ondasun higiezinaren zerga, hain zuzen ere.

“Ez da herritarrei zergak modu orokortu batean igotzeko momentua, baina politika publikoak mantentzeko erreforma fiskal baten beharra dago. Hau dela eta, gaitasun ekonomiko handia daukatenek ekarpen berezia egin beharko dute”, azaldu du Santi Hernando bozeramaileak.

Bestelako proposamenak

Herriko bigarren etxebizitzen alokairua bideratzeko proposamena ere aurkeztu du koalizio abertzaleak. Etxebizitza Hutsen Programaren barruan, bigarren etxebizitza alokairuan duten herritarrei ondasun higiezinen zergaren gaineko %50eko hobaria ezartzea proposatu du talde politikoak. 

Horrez gain, tokiko ekoizleak babesteko neurriak ere aurkeztu dituzte ordenantza fiskalen eztabaidara; hala nola, ostegun eta larunbateko merkatuetan parte hartzen duten herriko ekoizleek tasa bakarra ordaintzea.

Azkenik, 'genero-inpaktuaren txostena' egitea eskatu du EH Bilduk, Berdintasun legeak hala eskatzen duela argudiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide