Landaluzen hainbat urtez autoak marratu dituen gizonezkoa harrapatu dutela uste dute auzokideek

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 16a, 08:10

Igandean Landaluze auzoko bizilagun batek beste bat atzeman zuen autoak marratzen eta, heldu ostean, Udaltzaingoari deitu zion. Herritarrek uste dute gizonezko hori dela azken urteotan hainbat ibilgailutan kalteak sortu dituena.

Igande gauean Landaluze kaleko auzokide batek han bizi den beste gizonezko nagusi bat harrapatu zuen, aparkatuta zeuden autoak marratzen zituen bitartean. Herritar horrek, kaleko bihurgunean bizi dena, ustezko gaizkilea heldu zuen eta Laudioko Udaltzaingoari deitu zion orduan.

Horrela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari kaltetutako ibilgailuetako baten jabeak. Antza, igande gauean jaso zuen udaltzainen deia eta gertatutakoa kontatu zioten. Ilaran aparkatuta zeuden zenbait autok kalteak zituzten eta gehienen jabeek jarri dute salaketa. Aipatzekoa da salaketa egin duten herritarretako bik, gutxienez, beste behin edo gehiagotan izan dituztela mota horretako kalteak: ezaugarri deigarriak dituzten marra lodiak, batzutan olatu formakoak.

Hainbat urtetako kalteak

Gauzak horrela, Aiaraldea Komunikabideari ibilgailu kaltetuetako jabeek jakinarazi diotenez, markek urtebete edo gehiago dituzte. Zehazki, batek azpimarratu du pandemia baino lehen bazituela marrak.

Marrek antza handia badute ere, Laudioko Udaltzaingoak ezin du ziurtatu egilea bera den, eta abiatutako ikerketa igandeko gertakariari dago lotuta soilik. Dena den, poliziak bazuen marra horien agerpenen berri, "baina ezinezkoa zitzaion asmatzea nork egiten zituen".

Hala eta guztiz ere, momentuz, poliziak ez du frogatutzat ikertutako gizonezkoa denik egilea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide