Sultana Jaya ekintzaile sahararrari ongi etorria egingo diote igandean Aiaraldea Ekintzen Faktorian

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 22a, 17:00
Sultana Jaya ekintzaile sahararra.

Sultana Jaya ekintzaile bakezale sahararrak 558 egunez jasan izan zuen indar marokoarren setioa bere etxean, eta hainbat aldiz erasotu zuten. Igandean Aiaraldeko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lagunen elkartearen eta Saharako diasporaren ongi etorria izango du Aiaraldea Ekintzen Faktorian eta gero hitzaldia eskainiko du arabiarrez.

Sultana Jaya erresistentzia saharar baketsuaren ikurra Aiaraldea Ekintzen Faktorian egongo da igande eguerdian, 12:00etatik 14:00ak arte, hain zuzen.  Giza Eskubideen eta Bitarteko Naturalen Harrapaketaren Kontrako Ligako presidentea da Jaya.

Duela bi urte inguru agintari marokoarrek debekatu zioten bere etxetik ateratzea, arrazoiak argitu gabe. Gauzak horrela, ekintzaileak elektrizitate eta urik gabeko 558 eguneko setioa igaro zuen bere etxean, Boujdorren, hau da, Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharan.

558 egunez agintari marokoarrek bere etxetik ateratzea debekatu zioten Sultana Jayari. Bolada horretan eraso ugari jasan izan zituen indar marokoarren eta paramilitarren aldetik.

Bolada luze horretan Jayak eta bere senideek mota ugariko erasoak pairatu zituzten segurtasun indar marokoarren eta talde paramilitarren aldetik, Saharako autodeterminazioa aldarrikatzeagatik. Berez, mehatxuak eta mota oroko erasoak -sexu erasoak barne- jasan zituen Sultana Jayak.

Setio egoera ekainean amaitu zen, sahararra Kanariar uharteetara heldu baitzen. Irailean Jaya ekintza politikora itzuli da eta, esaterako, duela 10 egun Parlamentu frantziarrean hitz egin zuen Marokoren giza eskubideen urraketa salatzeko.

Igandean Faktorian

Aiaraldeko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lagunen elkartearen eta Saharako diasporaren eskutik, Sultana Jayak ongi etorria izango du Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 12:00etan. Ondoren, ekintzaileak hitza hartuko du. Ekitaldia arabiarrez izango da. Izena emateko aukera dago hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide