“Oso gogorra izan da Wodcelona nazioarteko txapelketa, baina pozik nago”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urr. 3a, 06:30
Elbarritasuna ez da inoiz muga bat izan Oscar Acebedorentzat. / Aiaraldea.eus

Bartzelonan igaro du asteburua OSCAR ACEBEDO HERNANDEZek (Laudio, 1990) Crossfit egokituko wodcelona nazioarteko txapelketan parte hartzen. 

Wodcelona nazioarteko txapelketaren lehen edizioan parte hartu zenuen asteburuan. Zer moduz?

Oso gogorra izan zen txapelketa. Ez nuen aukera handirik izan, pisu gehiegiri egin behar izan bainion aurre. Azkena geratu naiz, munduko txapelketarako sarbidea zelako. Baina ez zait axola: beste batean hobeto egingo dut eta aurrera begirako ikasbide moduan hartzen dut. Nire helburua ondo pasatzea izan da gehienbat. 

Duela bi hilabete eta erdi egin zen sailkapen prozesua. Bideo bat bidali behar izan genuen hainbat proba eginez. Hainbat kategoria daude, eta bakoitzean 10 gizon eta 10 emakume daude. Baina hainbat kategoriatan gutxiagok parte hartu zuten. Gauzak hala, gizonak eta emakumeak batu zituzten talde berean.

Euskal Herritik hiru kide ginen joatekoak, baina azkenean bi joan gara lehiatzera.


 
Zertan aritu zinen zehazki?

Arratsaldeko ordubietan hasi zen lehiaketa, ostiralean. Arratsaldeko seietararte iraun zuen. Larunbat eta igandean, aldiz, goizeko zortzietatik arratsaldeko seiak arte aritu ginen, baina kategoria guztiak batera. 5-12 minutuko sei lehiaketa egin nituen guztira. 

“Ez naiz inoiz koldartu. Futbola, saskibaloia… denetarik praktikatu dut. Eskolan denetarik egiten nuen gimnasia orduan: soka batetik igotzea, salto egitea…”

Noiz hasi zinen crossfita praktikatzen?

Abenduan hiru urte beteko dira crossfita praktikatzen hasi nintzenetik. Oso burugogorra naiz. Asebier erakundean nengoen, eta crossfit ariketa batzuk egitea proposatu ziguten. Bi profesional etorri ziren saioa dinamizatzera, @houseofmovemente enpresakoak. Horrela hasi nintzen, kasualitatez. Egun batean esan zidaten ondo moldatzen nintzela, eta lehiaketaren batean parte hartzea proposatu zidaten. Nik baietz esan nien, probatzeko. 2020an ezin izan nuen gauza askorik egin, koronabirusa zela eta. 2021ean aurkeztu nintzen lehenbiziko aldiz Crossfiteko open lehiaketara. 

Ondo moldatu nintzela esango nuke. Aurten, aldiz, Wodcelonara aurkeztea proposatu didate, eta ez dut zalantzarik izan. 

Beste kirolen bat praktikatu izan duzu?

Bai. Une honetan 32 urte ditut, eta betidanik gustatu izan zait kirola. Ez naiz inoiz koldartu. Futbola, saskibaloia… denetarik praktikatu dut. Eskolan denetarik egiten nuen gimnasia orduan: soka batetik igotzea, salto egitea…

Elbarritasunak ez dizu mugarik jarri?

Ez. Niri beti hezi naute ezintasun hau ezintasun bat izango ez balitz bezala. Ni nire esku dagoen guztia egingo dut egin nahi dudan hori egiteko. 

“Ni beti hezi naute ezintasun hau ezintasun bat izango ez balitz bezala”

Zein kategoriatan aritzen zara?

Hainbat kategoria daude crossfit egokituan: itsuena, gorrena, burmuineko paralisia dutenena, beso bat moztuta dutenena, hanka bat moztuta dutenena… Gurpildun aulkian gaudenak bi kategorietan banatzen gara: altxatu ezin direnak alde batetik eta altxatu daitezkeenak bestetik. Azken horien artean kokatzen naiz ni. Jaiotzez dut arantza bifidoa deritzon gaixotasuna. Aulkitik altxatu naiteke eta etxean gai naiz makulu gabe aritzeko. Kaletik joateko, aldiz, aulkia edo makuluak balitzen ditut, ibili beharreko distatziaren arabera.

 Zer du crossfitak beste kirolek ez dutena?

Asko engantxatzen duela, eta laguntasuna eta norberarekiko kofiantza pila bat igotzen duela.


 
Lehen Bilbon entrenatzen zenuen, baina Laudiora mugitu berri zara, Gorobel Crossfitera. Zer moduz?

Eguneko entrenamendua lehen aipatutako pertsonek prestatzen didate, nahiz eta orain Laudion entrenatu. Primeran nago, bidaiatu gabe eta gauza bera egiten, ezin dut gehiagorik eskatu.

 Hasiberria bazara astean egun bat entrenatzea gomendatzen dizute. Ondoren, bi saio egitea proposatzen dizute. Nik une honetan hiru aldiz entranatzen dut astean. Ikusiko dut etorkizun batean ea gehiago entrenatu edo ez.

Normalean lehen eguna bultzaketak egitera bideratzen dut. Bigarrenean gauzak hartzen aritzen naiz, eta hirugarrenean mugimendu funtzionalak jorratzen ditut, gorputz egitura mantentzeko. Denetarik egiten dut horrela.
 
Zer asmo dituzu hasi berri duzun ikasturtera begira?

Oraindik ez dut beste txapelketarik buruan. Entrenatzen jarraituko dut, eta txapelketa berriren bat ateratzen bada joatea baloratuko dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide