ERREPORTAJEA

Aretako "etxe arrosa"; azal aldaketa, baina ez azalekoa

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ira. 29a, 07:00
'Etxe arrosaren' fatxada margotzen eta konpontzen ari dira. / Aiaraldea.eus

Etxe arrosa izateari utzi dio Aretako ‘etxe arrosak’. Azalez aldatzen ari dira eraikin ospetsua, fatxadako paretak grisez margotuta. Baina, azaletik harago, historia mamitsua du eraikinak. 

Eraldatzen ari da Laudio eta Areta arteko paisaia. Bide zaharretatik paseatzen edo errepidetik autoz joanda ikusi daiteke aldaketa, Areta kaleko 4 eta 6. zenbakiak barnebiltzen dituen 10 solairuko eraikinaren paretik igarotzean. 

“Bizilagun guztiak geunden ados gauza batean: ez genuela berriz arrosaz margotuko”

Azken aldaketa, duela 19 urte

‘Etxe arrosa’ gisa ezagutzen da edifizio hori, baina jada ez da arrosa. Grisez margotzen ari dira fatxada, jada hainbat hilabetez luzatu den obraren bidez. “Iparraldeko aldea konpontzen ari dira orain”, azaldu du Conchi Sesar Mella bizilagunak. “Ez dira margotzera mugatzen ari, balkoiak ere aldatzen ari baitira” gehitu du. Bere hitzetan, “duela 19 urte” margotu zen eraikina azkeneko aldiz, eta orduan hartu zuen orain arte izan duen kolore deigarria. “Etxea, berez, beti izan da arrosa, baina lehen zuen kolorea apalagoa zen. Duela 19 urte, margolariek kolorearen lagin bat erakutsi zioten aukeraketa egin zuen bizilagunari, baina pinturak aurreikusitakoa baino askoz tonu biziagoa hartu zuen paretan”.

Jendeak ez zuen gustuko izan. Gauzak hala, oraingo erreforma egiterako orduan, bizilagun guztiak zeuden ados gauza batean: ez zutela berriz arrosaz margotuko. “Arkitektoak hainbat aukera planteatu zituen eta gehiengoak egin zuen grisaren alde”, Sesarrek azaldu duenez. “Hala ere, kolore aldaketak aldaketa, nik argi du eraikina beti ezagutuko dugula ‘etxe arrosa’ bezala. Ikur bat bilakatu da”. 

Lehen eraikina

Baina ‘etxe arrosaren’ historia ez da azaleko kolorera mugatzen. Badu mamia. Pisu blokearen alboan ikusi daiteke oraindik aurretik zegoen eraikinaren oinarria. “Edifizio hori gaur egungoaren kokalekutik oso gertu eraiki zen 1968. urtean. sei solairu zituen, eta 18 etxebizitza”. 

Hala zaldu du Pablo Maestre Salas Argandoñak. Bera oso gaztea zen orduan, baina memorian iltzatuta du gertatutakoa. “Abuztuan sartu ginen bertan bizitzera, eta handik hilabete batzuetara erori zen eraikina, 1969ko maiatzaren 14an. Gogoratzen dut nire aitak nola jaitsi ninduen kalera pijaman, eta jendea oihuka”.

“Langileek salbatu gintuzten aurreko eraikina erori zenean”

Bere hitzetan, kasualitate hutsa izan zen gertaera hura tragedia ez bilakatzea. “Beste eraikin bat egiten ari ziren alboan, eta bertako langileak gure pisuaren sotoan aldatzen ziren. Goiz hartan bertan sartu zirenean sumatu zuten eraikinaren zutoinak arrakalatzen ari zirela. Ate guztiak jotzeari ekin zioten, eta orduan atera ginen kalera. 6:30ak aldera izango ziren”. Ondorio argia plazaratu du Maestrek: “Langileek salbatu ziguten bizitza. Egun hori jai-eguna izango balitz tragedia hutsa izango litzateke”. 

Etxetik atera eta gutxira egin zuen huts estruktura osoak. “Gure gauza guztiak utzi genituen atzean. Nire gurasoak hondakinen artean bila eta bila aritu ziren gero astebete baino gehiago, beste hainbat lagunekin, etxearen eskriturak topatzeko, horiek gabe ezin zutelako ezer erreklamatu. Altzarien fakturak ere bilatu behar izan zituzten”. Ezinezko lana zirudien arren, azkenean lortu zuten dokumentu horiek berreskuratzea. Gaur egun, oroigarri moduan ditu gordeta Maestrek.

Gero etorri zen epaiketa. “Bertan ondorioztatu zen etxeak behar baino burdinezko hezurdura gutxiago zuela. Kostuak aurrezten saiatu ziren eraikitzerakoan”.

Eraikin berria, “sendoegia”

Eraikin horrekin gertatutakoak eragin nabarmena izan zuen ‘etxe arrosaren’ egituran. Handik zazpi urtera eraiki zuten pisu bloke berria. “Eraikuntza enpresakoek beldur handia zeukaten aurreko edifizioarekin gertatutakoa ikusi ostean”, azaldu du Sesarrek. “Gainera, harrobia alboan zegoen, eta eztanden bibrazioak ere nabarmenak ziren”. 
Horregatik, “plaka prefabrikatuak” baliatu zituzten eraikina osatzeko. Estruktura sendoa atondu zuten horrela, sendoegia agian. “Nire etxeko zenbait paretetan ezin dut iltzerik jarri, hormigoi armatuzkoak direlako. Behar baino gehiago indartu zuten, eroriko zenaren beldurragatik”.  

Berlojatzenen borroka zikloa

Erortzeko ez, baina eraitsia izateko arriskua bai izan du ‘etxe arrosak’ gainean, hainbat urtez, gainera. Alvaro Barriosek ondo oroitzen du nola hasi zen dena: “2009aren amaieran, garai hartako udal arkitektoak aipatu zuen etxe arrosa agian bota behar zela, ez zituelako ibaiaren alboan egoteagatiko uholde-arrisku irizpideak betetzen”. Ez zen kasu isolatu bat. Antzeko egoera batean zeuden Doctor Fleming eta Jose Arrue kaleetako etxeak ere. 

Gaiak komunikabideetara egin zuen salto, eta “kalte handia” eragin zien bizilagunei.  “Pisuek egun batetik bestera galdu zuten balioa”, oroitu du Sesarrek. “Jende batek hitzartuta zeukan salementa, eta aukera hori galdu zuten atera zen albisteagatik”. 

Gaiaz kezkaturik, udalera jo zuen Barriosek: “Udal arkitektoarekin eta alkatearekin hitz egin nuen bertan eta, ondoren, kaltetutako eraikin guztietako txirrinak jo nituen, bilera bat deitzeko”. 

Horrela jaio zen Berlojatzen plataforma, Laudion azken hamarkadan egondako auzo-mugimendu indartsuenetako bat. “400 bazkide baino gehiago izatera iritsi ginen. Abokatu bat kontratatu genuen eta uholdeen arriskuen gaineko kalkulu propioak egin genituen, alternatibak zeudela frogatu ahal izateko”. 

“Enpresa honek gauza bat egin du oso ondo. Irakatsi digu zer den langile klasekoa izatea: eurentzat zenbaki hutsak gara” 

Izan ere, Barriosen hitzetan, garai hartan topatu zuten “inmobilismoak” ez zuen inolako zentzurik: “Plan orokorraren zirriborroa aurkeztu zenean uholde arriskuen gaineko irizpide berriak jarri ziren indarrean. Gaztelan oso erraz aplikatu daitezke irizpide horiek, denak lautadak direlako. Baina hemen haranetan bizi gara, eta ibai ugari daude. Irizpide hori EAEn aplikatuko balitz, Ugao osoa edota Bilboko Alde Zaharra desagerrarazi beharko lirateke. Asmo ona zuen URAk: 1983ko uholdeak berriz ez errepikatzea. Baina ondorioak ez ziren onargarriak”. 

Berlojatzenen egin zuten topo Barriosek eta Sesarrek. “Oso garai polita” izan zela diote biek. “Bizilagunen batasuna oso polita izan zen. Gurasoak, haurrak… bizilagun guztiak batera aritu ginen”.  Mobilizazioak, bilerak, elkarretaratzeak… ekimen andana egin zuten, eta hauteskundeetara aurkeztea ere pentsatu zuten (horrela sortu zen gerora Omnia alderdia izango zenaren hazia, baina hori beste istorio mardulago bat da).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide