Udalak ia 350.000 euroko balioa duten herritarren proposamenak sartu ditu bere 2023ko Aurrekontu Proiektuan

Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 22:56

Skate parkean obrak egingo dituzte./ Aiaraldea

2023an zehar skatepark-a berritzea, Lamuzako parkean erabilera anitzeko kirol-kantxa bat jartzea edo bizikleta elektrikoak maileguan uzteko sistemak aztertzea bezalako proiektuak aurrera eramateko konpromisoa hartu du

Joan den martxoan, Laudioko Udalak 2023rako parte-hartze bidezko aurrekontuen deialdiaren lehen fasea jarri zuen martxan, gutxienez 300.000 euroko aurrekontuerreserbarekin. Aurten berria den herritarrekin izandako lehen harreman horren bidez, Laudioko Udalak herritarren lehentasunak ezagutu nahi zituen. Eta prozesu horren ondorioz, herritarren 200 inkesta baino gehiago jaso ziren online eta aurrez aurre, azken horiek Herrilaguntzaileen bidez.

Bigarren fasean, inbertsioetarako ideia eta iradokizun berriak jaso ziren, eta inkesten emaitzei gehitu zitzaizkien. Aurrez jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertu eta gero, herri-bozketarako prozesu berritzailea aktibatu zen irailean. Horrela, edozein bizilagunek Laudioko herritarrek planteatutako proposamenei buruz bere iritzia eman ahal izateko aukera eman zen, garrantzitsuentzat jotzen ziren proposamenen alde bozkatuz.

Herritarrek bozkatzeko epea amaituta, Gobernu Taldeak iragarri du 2023ko Aurrekontuen Proiektuan herritarren bederatzi proposamen sartuko dituela, datorren urtean gauzatzeko.

40.000 EUROTIK BEHERAKO KOSTUA DUTEN PROIEKTUAK

40.000 eurotik beherako kostua duten proiektuen artean, Gobernu Taldeak konpromiso hauek hartu ditu: Zumalakarregi 35eko aparkalekua denbora mugatuko doako aparkaleku bihurtzea (25.000 euro gutxi gorabehera); udalerriko oztopo arkitektonikoak eta puntu beltzak ezabatuko dituen Irisgarritasun Plan berria idaztea (18.000 euro); Lamuza eta La Milagrosa ikastetxeetarako bideak egokitzea (15.000 euro); txakurren gorotzak garbitzeko sentsibilizazio-kanpaina bultzatzea (12.000 euro); bizikleta elektrikoen mailegu-puntuak instalatzeko azterlana egitea (18.000 euro); eta udal-instalazio nagusietan wifi sareak jartzea (25.000 euro).

40.000 EUROTIK GORAKO KOSTUA DUTEN PROIEKTUAK

Inbertsio handieneko proiektuen artean, Gobernu Taldeak bi partida sartuko ditu Aurrekontuen Proiektuan, Lamuza parkean dagoen skatepark-a (80.000 euro) eta herriko parkeetako haur-jolasak berritzeko (70.000 euro) eta Lamuza parkean,
egungo futbito zelaia ordeztuko duen erabilera anitzeko kantxa bat jartzeko (70.000 euro).

“Aurten ere, erakutsi dugu parte-hartze bidezko aurrekontuak tresna bikaina direla gure bizilagunek herrian egin beharreko inbertsioak erabaki ditzaten. Hala, proposamen horiek guztiak aurrera ateratzea espero dugu, eta Udalak abiarazitako parte-hartze prozesuetan parte hartzen jarraitzeko deia egiten diegu herritarrei”, adierazi du Ander Añibarro Alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide