RAFAELA ALVES DAMASCENO

“Portugaleko guraso askok gorroto dute bere seme-alabek Brasilgo portugaleraz hitz egitea”

Allende Solaun Boada 2022ko ira. 30a, 07:00
Ingelesa ikastera joan da Rafaela Alves Portugalera. / Aiaraldea.eus

RAFAELA ALVES DAMASCENO (Brasil, 1995) Laudioko bizilaguna da eta Portugaleko Algarbe eskualdera bidaiatu du irlandar familia batekin ingelesa ikasteko, au pair lanetan

Zerk eraman zaitu Portugalera?

Ingelesa ikastera etorri naiz au pair moduan, arraroa badirudi ere. Berez, AEBetara joatea zen nire hasierako asmoa, baina bertan ez dituzte 26 urtetik gorakoak onartzen programa honen barruan eta, bestalde, agiriak ateratzea askoz neketsuagoa da. Ez nuen gehiago itxaron nahi. Horrenbestez, Europan geratzea erabaki nuen. Hiru seme dituen Irlandako familia bat nirekin jarri zen harremanetan eta hemen nago maiatzetik. 

Nolakoa da irlandar familia batekin bizitzea? Kultur talkaren bat bizi izan duzu?

Ez asko, ondo konpontzen naiz. Hori bai, otorduak dira okerren daramadana. Eguerdiko 12:00etan bazkaldu eta 17:00etan afaltzen dugu beti. Oso goiz hasten dute eguna; esaterako, 19:30erako umeak oheratuta daude. Eta ez pentsa asko jaten dugunik. Askotan sandwich batekin nahikoa dute. Euren bizimodua ez da osasungarriena, nire ustez, elikadurari dagokionez behintzat. Ez dute arrain-taketak ez den arrainik hartzen, adibidez. 

Hobetu da zure ingeles maila denbora honetan?

Bai, zerotik erdiko-maila batera egin dut salto. Oso pozik nago. Portugalen bi hilabete neramatzala astebete eman nuen Alemanian bidaiatzen, eta hor konturatu nintzen ez dudala jada ingelesez komunikatzeko oztoporik. Udan, gainera, Irlandan igaro ditugu oporrak eta ez dut arazorik izan bertakoekin berba egiteko, azentua itxia dela esaten badute ere. Ez dut lotsarik izan hizkuntzak ikasteko. Lotsatzen baldin bazara, ez duzu inoiz benetan ikasiko.

Jatorriz brasildarra zara; beraz, hizkuntza partekatzen duzu portugesekin. Oro har, kultura eta ohiturei begira, oso ezberdinak dira herrialdeak? 

Portugaldarrek ezatsegin fama dutela esango nuke. Hala ere, hemen ezagutu dudan jendearen erdia brasildarra da; beti esan ohi dugu Portugal Europako Brasil dela, brasildarrez beterik dagoelako, hain zuzen. Bitxia da baina Portugaleko guraso askok gorroto dute bere seme-alabek Brasilgo portugaleraz hitz egitea. Lucas Neto brasildar youtuber ospetsua ikusten ematen dute eguna gaurko gazteek eta azkenean bere esaerak errepikatzen dituzte eta azentua imitatzen dute.

Nolakoa da au pair umezain baten lana?

Ni pozik nago, baina joan aurretik oso argi utzi nituelako zeintzuk diren nire eginkizunak, batik bat, haurrak zaintzea eta beraiekin jolastea. Familia asko langileez aprobetxatzen dira eta kontratuaren barruan jasota ez dauden zereginak esleitzen dizkiete. Arreta handiz jokatzeko esango nieke horrelako esperientzia bat bizitzeko interesa dutenei. Zortea izan dut, hortaz. Dena dela, lana gogorra da batzuetan, batez ere, ez duzulako atsedenerako espaziorik topatzen, ordutegi finkoak dituzun arren. Lan egiteko espazioa zure etxea da; bestela esanda, zaintzen dituzun umeak entzuten jarraituko duzu (barreak). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide