Ekitaldia eta luntxa prestatu dituzte Superberriak supermerkatuetako langileek gaur, 13:00etan. Ekimenaren helburua izan da ospatzea 90 kaleratze gelditu dituztela, bost eguneko greba egin ostean.
Beharginek borrokaren beharra goraipatu dute eta behin eta berriro eskertu dute "jasotako babesa azken aste gogor hauetan". Hainbat langile igo dira oholtzara eta, ospakizunarekin batera, gogoratu dute zuzendaritzak oztopoak jartzen ari dela Ugaoko negozioa irekitzeko. Horregatik, hain zuzen, adierazi dute erne ibiltzeko beharra dagoela.
Beharginen hitzartzea amaitu denean ekin diote dozenaka herritarrek luntxean parte hartzeari.