Omnia udal taldeak salaketa aurkeztu zuen 2019an udal ordezkarien ordainsarien banaketan "tratu diskriminatzailea" emateagatik. Urte hartako uztailaren 5eko udalbatzan, legealdia hasi berritan, ordainsariak atzeraeraginez ordaintzea adostu zen. Gauzak horrela, alkateak, alkate-ordeak eta udal gobernuko beste zinegotzi liberatuak ekainaren 15etik aurrera zegozkien ordainsariak kobratzen hasi ziren. Horrela azaldu du Omniak plazaratutako oharrean.
Neurriak, ordea, ez zuen eragin bera oposizioko udal taldeentzat. Izan ere, hauek uztailaren 8tik aurrerako ordainsariak kobratuko zituzten. "Omniatik salatu genuen ez zela bidezkoa. Izan ere, ekitate kontu batengatik gure ordainsariak jaso beharko genituzke talde politikoaren jarduera hasi zenetik eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk onartutako akordioak oposizioko taldeei kalte handiagoa egiten zien", azpimarratu du oposizioko taldeak.
Salaketa epaitegian
Udal gobernuarekin akordio batera heldu ezinda, epaitegietan salaketa aurkeztea erabaki zuen Omniak. "Gobernu Taldeak entzungor egin zuen bidegabekeria horren aurrean, eta demanda judizial bat aurkeztu behar izan genuen. Haiei ez zitzaien axola gu urrats bat harago joatea; guk geure poltsikoko diruarekin jokatu behar genuen", azaldu du udal taldeak, "haiek, ordea, udal-kutxarekin jokatuko zuten, arazo judizialetarako Laudioko bizilagun guztien dirua erabiltzen dute eta".
Omniak gogor kritikatu du Udal Gobernuaren papera, eta "negargarritzat" jo du.
Hiru urteren ostean, epaile batek arrazoia eman dio Omniak jarritako salaketari. Udal taldeak azpimarratu duenez, epaiak jurisprudentzia ezarriko du gainera, "gisa honetako akatsak berriro gerta ez daitezen".