Gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran onartuko ditu Laudiok 2023ko ordenantza fiskalak. Tokiko gobernuak eguerdian aurkeztu du Ogasun Sailarekin mamitutako proposamena. Legealdia hasi zenetik abiatutako bideorria jarraitu du Udal Gobernuak datorren urteko zerga eta tasei begira, eta hauek eguneratzen jarraituko dute datorren urtean ere, Eva Marquinez Ekonomia eta Zerga Kudeaketako zinegotziak azaldu duenez, Laudioko politika fiskala beste herrietako estandarrekin parekatzeko asmoz.
Halaber, zerga gehienak modu orokortuan izoztea ebatzi du Udal Gobernuak, inflazioak eta bizitzaren garestitzeak herritarrengan dueten eragina murrizteko asmoz. “Gure udalerriko familiek, batez beste, zerga gutxiago ordaintzea lortuko dugu. Gure esku dagoen heinean laudioarren poltsikoak arinduko ditugu”, adierazi du Marquinezek.
Udalaren kalkuluen arabera herritarren %90ak 20 eta 80 euro arteko beherakada jasango du ordaindu beharreko zergetan. azaldu dutenez, hein handi batean, iaz berrikusitako Ondasun Higiezinen Zergako katastro-balioen ponentziaren eraginez izango da.
Zaborren zerga gora
Zaborren kudeaketagatik ordaintzen den prezioa izango da, Udalaren arabera, izoztu gabe ikusiko duten zerga bakanetako bat. Guztira %5 igoko dute zaborren tasa (2,92 euro gehiago urtean).
Marquinezek azaldutakoaren arabera laudioarrek 61 euro inguru ordaindu beharko dute 2023an zaborren kudeaketagatik. Aldiz, Europako estandarrei eta bestelako Lege Organikoei erreparatuta, askoz handiagoa izan beharko litzateke zerga, 85 euro inguru urtean. “Zaborren tasaren igoera moderatuak jarraituko ditugu, zerbitzuaren kostuarekin bat egin arte. Europako araudiaren arabera, zabor-zerbitzua tasekin soilik finantzatu behar da, eta horrek esan nahi du haren balioa pixkanaka handitu behar dela, nahiz eta hori ez izan hartu nahiko genukeen erabakia” aitortu du Marquinezek.
Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga
Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan ere aldaketak egin dituzte, 2023ko ordenantza fiskalei begira. Koefiziente estandarra %2,03an mantenduko badute ere, beste hainbat koefiziente moldatuko dituzte, "enpresa txikiak babestu eta negozio bolumen handiena duten enpresek ekarpen handiagoa egin dezaten".
Hain zuzen ere, ponderazio indizea (negozio bolumenaren araberakoa) eta egoera-indizea (enpresaren kokapenaren araberakoa) igoko dituzte. Azken indizea, gainera, oso tasa baxua zuen industriaguneko enpresentzako, herriko enpresarik handienak dauden tokia zehazki. Hori dela eta, indize hori igotzea erabaki dute besteak beste; %0,8tik %1,3ra, herriko enpresa handiek gehiago ordaindu dezaten.
“Uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela zerga-politika justua eta progresiboa aplikatzea, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Modu horretan, herriko Mikroenpresa eta Pymeak lagundu ahal izango ditugu. JEZren konfigurazio berri horrekin ere, Laudion dauden enpresek tamaina bereko beste udalerri batzuetan legokiekeena baino gutxiago ordainduko dute” nabarmendu du Eva Marquinezek.