Mundo Rata trash death metal taldeak laster argitaratuko du bere lehen diskoa eta larunbatean Orbeko Etxean eskainiko du abesti sorta berria. Hain zuzen, Mordor Ruido madrildarrekin, Nasty Surgeons Burgoseko taldearekin eta Emulsion kantabriarrekin joko dute 20:00etatik aurrera eta sarrerak 7 euro balioko du.
Talde berria izan arren (2018an sortu baitzuten eta pandemiak bete-betean jo ditu) bere kideak aski ezagunak dira Laudioko hardcore, metal eta trash giroetan. Esaterako, Juanjo Cantero 'Fanto' bateriajoleak hamaika proiektu izan ditu aurretik: Bastard, Drtsab, Pop Crash Colapso, Cracked Heart, Loktar Ogar, Exhorbitant Flatulende, Impure, Dark Faith edota Mortinatum. Egun, Blanco y en bolsa taldean ere dabil.
Oscar Benito ere musikari beteranoa da eta, besteak beste, ACT, Tierra Perdida, Tierra, Arbol THC, Amankomun edota Anti-Ke taldeetako kide izan da.
Jon Moreno 'Onix' gazteena da, baina ibilbide luzea egin du musika sortzen. Hip hopa egiten hasi zen El problema taldean, baina gero metal (Amankomun), hardcore (Erio, Gorrotoz Haziak) edota punk (Atxurre) doinuak landu ditu. Egun Zutik! hardcore taldean eta Sixmika metal bandan jotzen du baxua.
Marta Garcia abeslaria izan da proiektura batu den azken kidea, eta Compromison eta Mortimer y su puta banda-n egon da aurretik.
Orbeko Etxeko hitzorduaren ostean, Ugaoko Herriko tabernan izango da hurrengo azaroaren 4an eta espero dute berriro jotzea Laudion, Sorgin Tabernan, alegia.