Hardcore Hits Cancer jaialdiaren bigarren edizioa egingo duzue urriaren 15ean, ezta?
Israel Fernandez Leon: Bai, pandemia hasi baino lehen bagenuen ia ia amaituta kartela, baina bete-betean jo gintuen eta bertan behera geratu zen. Orain, jende guztiak jaialdiak eta kontzertuak egin nahi dituela, apur bat estu geratu gara daten aldetik. Hortaz, bakarrik geratu zaigu egun hori.
Jendeak babes ikaragarria eman du eta babesle ugari izan ditugu, herriko tabernak eta enpresak. Dena ondo eta ilusioz doa.
Zein taldek joko dute?
I.F.L.: Hori Davidek eramaten du gehiago, bizitza osoa darama taldetan jotzen eta. Kartelaren burua Suburban Rebels da, Bartzelonako taldea. Disko berria atera dute eta biran daude. Uste dut elementu erakargarriena dela, baina badaude ere Malas Cartas (Sabadell), The Shots (Bilbo), Against You (Durango) eta Koska (Portugalete).
Doan joko dute, soilik ordainduko diegu bidaia eta batzuei hotela. Gainera, oso prezio ona egin digu Larreak horretarako. Asmoa da kostuak ahalik eta gehien aurreztea AFANOC elkarteari ahalik eta diru gehien emateko.
David Aguilera: Katalunian, oro har, kontzertu hardcoreak egiten dira eta hemen punk doinuak izango dira nagusi. Nik Malas Cartasen jotzen dut.
"Hardcore Hits Cancer ekimenak jadanik 50.000 euro bildu ditu AFANOC elkartearentzat eta horietatik 1.500 Laudioko aurreko kontzertutik atera ziren"
Nola sartu zineten hau antolatzera?
D.A.: Hardcore Hits Cancer ekimenaren sortzailea, Dani, betidanik ezagutzen dut. DJa zen Nik nuen kontzertu aretoan. Berak minbizia izan zuen eta horregatik abiatu zuen egitasmoa. Gehienbat berak bideratzen du dirua AFANOC elkartera, gaixo dauden umeak eta familiak laguntzen dituztelako.
Hasieran kamisetak saltzen zituen eta Israelek mordoa saldu zituen Laudion. Nik konfiantza osoa diot Daniri, eta modu onena da ziurtatzeko dirua elkartera heltzen dela. Berak egindako logoa ospetsu bilakatu da eta denbora luze darama lanean, jadanik hamar urte.
Guztira, uste dut 50.000 euro inguru bildu dituela elkartearentzat eta horietatik 1.500 Laudioko aurreko kontzertutik atera ziren. Egia esanda, Dani izan beharko litzateke elkarrizketaren protagonista.
I.F.L.: Nire kasuan, Gasteiz Calling jaialdiaren bigarren edizioan izan zen. David ezagutzen nuen eta berak aurkeztu ninduen Dani Sadorni. Berak sortu zuen ekimena eta hasieran kamiseten salmentarekin eskuratzen zuen dirua AFANOC elkartearentzat.
Erosi nion kamiseta eta sare sozialetara igo nuen. Laudioko jende askok eskatu zidan kamisetak lortzeko eta horrela hasi ginen. Nik saltzen nizkion kamisetak eta gero dirua bidaltzen nion.
Behin Davidekin hitz egiten pentsatu genuen ideia ona litzatekeela Laudion zerbait antolatzea. Horrela sortu zen jaialdia. Ondo atera zen eta proiektuarekin jarraitu dugu. Adiskidetasunaren bitartez sortu da, hardcorean familia bat gara eta elkar laguntzen dugu.
Bestalde, tabernek lagundu gaituzte. Sorginek bere espazioa utziko du eta, oro har, dena oso erraza izan da. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet laguntzaile eta babesle guztiei: Capucci Katua Berria, Bengoa Taberna, Mahou, Iza okindegia, Camarsa, Zurrut Edariak, Los Ciclopes de Rodilosvi, Euskofriz, Sorgin Taberna, Pute Arte, Bebidas Serrano, Txantxiku eta Etorki.
Lan asko duzue egun horretan?
I.F.L.: Taldeekin bazkalduko dugu babesleok eta antolatzaileok, ziurtatuko dugu dena ondo doala eta jarriko gara hurrengo edizioan pentsatzen.
D.A.: Bai, gure eginkizun nagusia izango da taldeekin egotea, Israelek bestea kudeatu baitu jadanik.