Eusko Ikaskuntzako Herri txikien akademia helduko da bihar Laudiora, Arabako lurraldeko despopulazioari aurre egiteko

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 5a, 12:30

Kuartangon egindako saioaren irudia. / Eusko Ikaskuntza

Faktorian izango da herri arabarren arteko elkarlana bilatzen duen egitasmoa. Izena emateko aukera dago hemen.

Herri Txikien Akademiak bateratze saioa egingo du bihar Laudion, Faktorian, hain zuzen. Egitasmoa Eusko Ikaskuntzako proiektu pilotua da eta aurretik egindako hiru hausnarketa saioen (Kuartangon, Zalduondon eta Urturin) emaitzak elkartu nahi ditu.

Izan ere, ekimenaren helburua da Arabako landa eremua biziberritzea eta horretarako landa eremuko ekintzaileak, lanean diharduten erakundeak (ezagutza kualifikatua dutenak) eta erabaki ahalmena duten administrazio eta botere publikoetako ordezkariak erakarri nahi ditu Eusko Ikaskuntzak, elkarlanean aritzeko.

Landa eremuko despopulazioa

Herri Txikien Akademiaren helburu nagusiena da landa eremuko lurraldean despopulazio joera gelditzea eta hiru ardatz jorratzen ari dira horri aurre egiteko.

Alde batetik, biztanle berriak erakartzeko dauden gabeziak identifikatzea: etxebizitza hutsen erabilpena edota obrak egiteko arauak malgutzea.

Beste alde batetik, erakundeak uste du behar duela "landa eremuak bere garapen ekonomikoa izatea eta gaur egungo trantsizioekin bat egitea (ekologikoa, digitala, demografikoa). Despopulazioari aurre egiteko ezinbesteko baldintza da landa eremuan enpleguak sortzea, eta bereziki garrantzitsua emakumeek lan duinak izatea, izan ere, landa eremuan maskulinizazio tasa altuak dira".

Azkenik, landa eremua dauden belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatu nahi dituzte, herriak ez daitezen lo lekuak izan. Esparru horretan zenbait jarduera proposatzen dituzte: auzolana, zaintza sareak, ekimen kulturalak eta ondare inmateriala zaintzeko praktika onak.

Egitaraua

Xede garrantzitsuak finkatu arren, biharko jardunaldia ez da luzea izango. Hain zuzen, 17:00etan hasiko da bilera, 17:15ean aurreko hiru saioetako ondorio nagusiak jorratuko dituzte, 17:45ean Herri Txikien Akademiaren aurkezpena izango da eta 18:30ean amaitzea aurreikusi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide